EAJren eskualdeko alkategaiak aurkeztu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 27a, 10:38

EAJren eskualdeko alkategaiak, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai Eider Mendozarekin batera.

Beterri-Buruntzako udalerrietako alkategaiak aurkeztu ditu EAJk asteburuan, Urnietan. Bertan izan da Lasarte-Oriako hautagai Jon Antxordoki, Gipuzkoako ahaldun nagusigai Eider Mendozarekin batera. Alderdi jeltzaleak gure herrian aurrera eramandako lana azpimarratu du, euskara arloan eta kirol instalazioetan egindako "jauzia" nabarmenduta.

EAJk herritarrei "sinesgarritasuna eta bermea" ematen diela aldarrikatu ditu Mendozak, Gipuzkoak "sozialki eta ekonomikoki aurrera egin dezan". Era berean, "ezkortasunean eta kritika suntsitzaile hutsetan" geratzen direnak kritikatu ditu. "Horien aurrean, eraikitzeko gaitasuna eta borondatea aldarrikatzen ditut". Bidenabar, azpimarratu du jeltzaleek arazoei aurre egin eta konponbideak bilatzen dizkietela. "Hala izan da gure ibilbide politiko guztian zehar".

Ekitaldiaren aurretik, eskualdeko alkategaiekin elkartu da Mendoza. Hauek izango dira hautagaiak:

  • Andoain: Imanol Goenaga
  • Astigarraga: Maria Otaegi
  • Hernani: Andoni Amonarraiz
  • Lasarte-Oria: Jon Antxordoki
  • Urnieta: Jorge Segurado
  • Usurbil: Xabi Otxoa
Lasarte-Oriako alkategai Jon Antxordoki, Urnietako ekitaldian.

Mendozaz gain, Donostialdeko hauteskunde barrutiko zerrendaburu Xabier Ezeizabarrena eta Espainiako Senatuko kide Maribel Vaquero izan dira Urnietan. Azken horrek gidatu du ekitaldia. 

Urnieta, "adibide ona"

Beterri-Buruntza eskualdeko herri hori goraipatu du Mendozak, EAJren egiteko moduen adibide on gisa. "Urnietan, eskualdean eta Gipuzkoan, denon artean, etorkizun jasangarriagoa eraikitzen ari gara. Zentzu horretan, trenak funtsezko papera jokatuko du". Garraiobide horrek berebiziko garrantzia izango duela adierazi du Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiak, baina, horretarako, ongi funtzionatu behar duela: "Kalitateko zerbitzua eman behar die herritarrei, berme guztiekin. Ez dira posible eskualdea gurutzatzen duen RENFEko trenak izaten dituen arazo eta atzerapenak". Gai horren gaineko eskumena behar du alderdi jeltzaleak egoera horri aurre egiteko. "Konpromisoa hartzen dugu horren alde lan egiteko". 

Amaitzeko, Gipuzkoa "bultzatzen jarraitzeko ardura" hartu dutela nabarmendu du Mendozak: "Ez dizuegu hutsik egingo". 

Erlazionatuak