Zerrendaburuak azpimarratu duenez, gure herriaren alde "sutsuki" lan egin eta borrokatuko dute jeltzaleek, "guztiok nahi dugun herri sendoa izan dadin". Horretarako, kudeaketan duten "eskarmentua" balioan jarri du: "Ohituta gaude herritarren eta erakundeen arteko elkarlana praktikara eramaten".
Hauteskunde programa landu ostean, herriko zenbait eragilerekin kontrastatzen ari dira, eta, Antxordokiren hitzetan, "harrera ona" izan du oraingoz. "Ekarpenak jasotzeko prest gaude, gure bulegoa beti dago zabalik, urte hauetan guztietan erakutsi dugun moduan". Iruditzen zaio Lasarte-Oriak "potentzial handia" duela eta 2030ean nolakoa izango den irudikatzen ari direla alderdian, "gizarte eragileen indarra eta herriaren baliabideak uztartuta".
Udal taldearen "eragina"
Antxordokik gogora ekarri du udalak aurrera eraman nahi dituen kirol eremuen proiektuak –Atsobakarreko erabilera anitzeko eremua, kirol gune zentralizatu bat Michelinen eta tokiko gimnasioekin hitzarmen bat, udal instalazioen bazkideei begira– alderdi jeltzaleak planteatu zituela 2015eko hauteskundeetan. Alkategaiaren aburuz, horrek erakusten du EAJ-PNVren herriko taldeak "eragina" duela Lasarte-Oriaren etorkizunean eta "izaten jarraituko duela". Norabide horretan, zerrendaburuak esan du bere seme-alabak eta gainerako bizilagunenak hazi eta hezteko herri bat nahi duela, "bertan lasai bizitzekoa".