Eguberriei ongietorria egingo diete Alboka eta Luberri abesbatzek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 14a, 10:39

Eguberrietako kontzertua aurrera eramango du Alboka Abesbatzak larunbat honetan, San Pedro elizan, 20:00etan. Gonbidatu berezi bat ekarriko dute, Donostiako Luberri Abesbatza. Batak zein besteak egitarau propioa partekatuko du ikus-entzuleekin, eta amaieran, Olentzero eta Orra Mari Domingi kantatuko dituzte elkarrekin. Sarrera doakoa da.

Gabonak ate joka ditugun honetan, egun berezi horiek girotzen lagunduko du Alboka Abesbatzak, izan ere, Eguberrietako kontzertua emango du larunbat honetan, 20:00etan, San Pedro elizan. Beste urte batzuetan egin izan duen bezala, partekatu egingo du oholtza. Oraingo honetan, Donostiako Luberri Abesbatzarekin. Urteko garai honetan ohikoak diren abestiez gain, nazioarteko kantuak eskainiko dituzte euren egitarauetan, Montse Latorre eta Junkal Guerreroren zuzendaritzapean, hurrenez hurren.

Amaitzeko, batera

Latorrek zuzenduta eta Amaia Dorronsoro piano jotzailearen laguntzarekin, hau izango da Albokak eskainiko duen errepertorioa:

  • Jai onak: dios te salve, David Azurzak moldatua.
  • Birjiña maite, David Azurzak moldatua.
  • Jana erdhi viti ri, E. Materassi-k moldatua.
  • Ecce novum, O. Gjeilo-k sortua.
  • Love is Christmas, S.B. Bareilles-ek sortua eta J. Bremen-ek moldatua.
  • Dizdizka zeruan, E. Ugaldek sortua.

Lasarteoriatarren ostean, donostiarrek abestuko dute, Guerreroren gidaritzapean eta Marian Iriarte piano jotzaileak lagunduta:

  • For the beauty or the Earth, J. Rutter-ek sortua.
  • Deep river, J. Rutter-ek moldatua.
  • Elurra mara mara, doinu errusiar herrikoia, G. Aulestiak moldatua.
  • Neguan orbela, X. Sarasolak sortua.
  • Candombe de San Baltasar, Liliana Cangiano-k sortua.
  • Birjina maite, G. Aulestiak sortua harmonikarekin jotzeko eta J. Guerrerok moldatua, pianorako.
  • Ur goiena-Ur barrena, J. Guerrerok moldatua.

Emanaldia amaitzeko, Alboka eta Luberriko kideek elkarrekin kantatuko dituzte Olentzero eta Orra Mari Domingi abesti klasikoak.

Horrez guztiaz gain, Albokak iragarri du larunbateko kontzertuan banatuko dituela berriki zozkatutako Eguberrietako bi saskiak. Mila Picamils Olaizola eta Maria Pilar Mendiluce Goñi izan dira irabazleak.

 

Erlazionatuak