ESKUALDEA

Lankidetza hitzarmena berritu dute Usurbilgo Lanbide Eskolak eta Aldundiko Ingurumen sailak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 16a, 08:30

Prestakuntza, dibulgazioa eta sentsibilizazioa sustatzen jarraitzeko akordioa berritu dute Usurbilgo Lanbide Eskolak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak. Energia berritzaileen alorra jorratzeaz gain, energia aurreztu eta efizienteki erabiltzean jarriko dute fokua. 

Hauek dira hezkuntza zentroak eta erakundeak hartu dituzten konpromisoak, akordioa berritzeko ekitaldian:

  • Prestakuntza teknikoa. Gipuzkoako udalen eraikinetako energia kontsumitzen duten instalazioak erosi, mantendu eta erabiltzearekin zerikusia duten funtzioak aurrera eramaten dituzten teknikari eta kudeatzaileentzat.
  • Dibulgazio, sentsibilizazio eta frogatze jardunaldi teknikoak. Gipuzkoako Foru Aldundiko nahiz udaletako teknikariei edota enpresa pribatuetako zein merkataritzako profesionalei bideratutako saioak izango dira.
  • Dibulgazio, sentsibilizazio eta erakustaldi bisitak herritarrentzat. Autokontsumorako nahiz ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioei buruzkoak izango dira.