Udaberriko kanpainari ekin dio Errigorak, balioetan fokua jarrita

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 9a, 16:02

Bat egin Errigora balioekin lelopean, udaberriko kanpainari ekin dio Nafarroa Hegoaldea ardatz duen ekimen herritarrak: Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes, euskara ofiziala ez den eremuan eragin nahi du, batik bat. Zonalde horretako produktuz betetako saskiak eros ditzakete herritarrek: oliba olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta eta lekaleak, besteak beste, euskarazko etiketekin zigilatuta. Hasi berri den kanpainan egitasmo horren balioak nabarmendu dituzte: euskara, auzolana, bertakotasuna eta nekazariekiko bidezko harremana.

Hilaren 29a izango da saskiak eskatzeko azken eguna, asteazkena.  Nafarroa Hegoaldeko ekoizleen produktu sorta erosi nahi duten herritarrek www.errigora.eus webgunean egin behar dute eskaera.

Kontsumitzeko beste era bat

"Beste era batera" kontsumitzeko deia egin dute Errigorako kideek, Errigora Balioen arabera kontsumitzekoa hain zuzen: bertako elikagaien alde, euskaraz, auzolanean eta ekoizpenean, harreman bidezkoak sustatuta. 

Urtero bezala, ehunka bolondresen lanari esker eta AEK, Sortzen eta Ikastolen Elkartearekin batera ehunka herritan egin ahalko dute bezeroek olio, kontserba, lekale, arroz eta pasta eskaera. "Produktu horiek eguneroko kontsumora ekartzeko ereduari jarraiki, urte osorako despentsak betetzeko unea da", azpimarratu dute.