"Gaitasuna eta esperientzia" ekarri ditu PSE-EEk hauteskundeetarako zerrendara

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 2a, 11:33

Agustin Valdivia alkategaia, erdian zutik, zerrendako gainerako kideekin.

Maiatzeko hauteskundeetarako hautagaien zerrenda aurkeztu du Lasarte-Oriako PSE-EEk, Froilan Elespe Herriko Etxean. Agustin Valdivia alkategaiak nabarmendu du "konfiantza osoa" duela bere taldea osatuko duten zortzina emakume eta gizonengan: "Erronka eta zailtasunei aurre egiteko prest daude guztiak, esperientzia dute eta erakutsi dute dagoeneko zertarako gai diren". Adierazi du helburuak direla bozak irabaztea eta duela lau urte baino babes gehiago lortzea.

Duela lau urteko hauteskundeen emaitzak errepikatuko balira eta alderdi sozialistak zortzi zinegotzi lortuko balitu, ia legealdi hasieratik udal gobernua osatu duten kideen izen-abizenak ez lirateke aldatuko, zortzi horiek izango baitira maiatzeko bozetara begira PSE-EEk aurkeztuko duen hautagaitzako lehenak: Agustin Valdivia (alkategaia), Nuria Fernandez, David Mateos, Nagore Duran, Iñigo Zabaleta, Lourdes Acevedo, Txus Alonso eta Maite Iglesias. Pertsona berberak izanagatik, ordena desberdina izango da eta zenbaiten ardurak ere bai. Esate baterako, Nuria Fernandez izango litzateke alkateordea eta Hirigintza saila kudeatukoluke, eta David Mateosek, Lurralde arloa. Gainerako bostek orain kudeatzen dituzten eremuetan jarraituko lukete –Zabaletak, Ogasun sailaz gain, Herritarren Antolaketa izeneko departamentu berri bat gidatuko luke–. Horien guztien jarduna goretsi du alkategaiak, pandemiak nahiz Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrak eragindakoan fokua jarrita.

Aurpegi berriren bat edo beste gehitu dute hautagaitzara. Julen Etxeberria 19 urteko gaztea da horietako bat; bederatzigarren postuan joango da. Gazte Sozialistetako kidea eta Informatika irakaslea da, "lantalde hau belaunaldi berriekin lotuko duena", Valdiviaren hitzetan. Gazteak eta Euskara sailak kudeatuko lituzke. Hau da PSE-EEk aurkeztu duen zerrenda:

Izen-abizenak Aurkezpena
Agustin Valdivia 49 urte. Jesus Zaballosek dimisioa eman zuenean 2019ko abenduan, berak hartu zuen alkate izateko ardura. Kargu horretan jarraituko luke.
Nuria Fernandez 45 urte. Sozioekonomia sailburua da legealdi honetan, eta Valdiviaren hitzetan, "lan bikaina" egin du. Alkateorde izendatuko luke agintaldi berrian, eta Herritarren alorra emango.
David Mateos 38 urte. Zerbitzu Publikoak saila kudeatzen du gaur egun, "bikain", Valdiviaren aburuz. Legealdi berrian Lurralde arloa emango lioke.
Nagore Duran 46 urte. Partehartzea eta Gardentasuna alorreko burua da, eta "erreferente bat" herriko hezkuntza zentroetako guraso elkarteekin lan egiterako orduan. Sail hori bera mantenduko luke maiatzetik aurrera, eta Barne Antolaketa ere kudeatuko luke.
Iñigo Zabaleta 53 urte. Ogasuna saila darama, eta maiatzetik aurrera ere hala egingo luke. Herritarren Antolaketa izeneko eremu berri bat ere gidatuko luke. 
Lourdes Acevedo 59 urte. Gizarte Zerbitzuak saila kudeatzen du eta zeregin horretan segiko luke hauteskundeen ostean. 
Txus Alonso 47 urte. Kirolak nahiz Gazteria eta Ospakizunak arloetako burua da. Bozak eta gero Kirolak eta Ospakizunak arloa gidatuko luke.
Maite Iglesias 44 urte. Hezkuntza eta Kultura sailak daramatza eta hori egiten jarraituko luke agintaldi berrian. 
Julen Etxeberria 19 urte. Lantaldeko kide gazteena. Gazteria eta Euskara sailak kudeatuko lituzke.
Leire Bernabe 41 urte, parafarmazia bateko jabe eta Aterpea merkatarien elkarteko kide izandakoa. Independente gisa aurkeztu da. "Kolektibo horren kezka eta beharrak helaraziko dizkigu", adierazi du Valdiviak.
Manuel Carballes 73 urte. "Oso pertsona aktiboa da eta Biyak Bat egoitzak antolatzen dituen jarduera orotan parte hartzen du. Bere ikuspegia oso garrantzitsua da guretzat", aurkeztu du Valdiviak.
Lurdes Palacios 39 urte. Lasarte-Oriako PSE-EEren idazkaria da egun.
Jose Garcia 74 urte. Lantaldeko kide beteranoena. Valdivia: "Sasoeta auzoan bizi da eta herritarren kezka eta kexakk helarazten dizkigu, erlaxa ez gaitezen". 
Silvia Valencia 36 urte, independente gisa aurkeztu da. Zatarain auzoan bizi da eta alkategaiak esan du "bertako beharrak" helaraziko dizkiola lantaldeari, "ikuspegi kritiko batetik".
Iñaki Mugica 57 urte. Lasarte-Oriako PSE-EEko idazkari nagusia eta udal gobernuaren kabinete burua da. Valdiviak nahi du hurrengo lau urteetan ere zeregin hori aurrera eramatea.
Eli Corbacho 43 urte. "Alkatearen agenda estua" kudeatu du ia lau urte hauetan eta Valdiviak hori egiten jarraitzea nahi du, baldin eta alkatea bera baldin bada.
Jesus Zaballos 40 urte. Lasarte-Oriako alkatetza hartu zuen hilabete batzuez 2010ean. 2015-2019 legealdian eta 2019-2023 agintaldi hasieran ere kargu hori izan zuen. Valdiviaren "erreferente politikoa" da. "Berak irakatsitako guztiak asko balio izan dit amaitzear den legealdi zail honi aurre egiteko".

 

Amaitzear den agintaldiari errepasoa

Zerrenda berriari eta etorkizunari buruz hitz egiteaz gain, sozialistek aurkezpen ekitaldia baliatu dute amaitzear den legealdiaren balorazioa egiteko. COVID-19aren pandemiak zein Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkak kudeaketa "asko zaildu" duen arren, 2019ko hauteskunde programaren betetze maila %93koa izan dela azpimarratu du Valdiviak. "Atsobakar kirol eremua egiteko lanak adjudikatu ditugu eta kiroldegi berria maiatza baino lehen lizitatzea espero dugu. Halaber, eskakizun historiko batzuk erantzun ditugu, hala nola, Erribera kaleko etxabeak berritzekoa". Gerra tarteko, aipatu proiektu horien kostua nabarmen garestitu dela azaldu du alkateak, eta herritarren poltsikoari ez eragiteko finantzazio iturriak bilatu behar izan dituztela. 

Orain arte egindakoa balioan jarri eta hurrengo agintaldian ildo beretik segi nahi dutela aurreratu du alkategaiak: "Gaitasun eta esperientzia handiko pertsonek osatzen dute lantaldea: herritarren beharrak asetzeko lan egiten jarraituko dugu, Lasarte-Oriak herri bizi eta atsegina izaten jarrai dezan". 

 

Erlazionatuak