Hauteskunde programa herritarrekin batera prestatu nahi du PSE-EEk

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 31a, 10:15

Ezker-eskuin, Agustin Valdivia eta Iñaki Mugica.

Parte hartze prozesu bat abiatuko du Lasarte-Oriako PSE-EEk, 2023-2027 legealdirako neurri sorta lasarteoriatarrekin batera prestatzeko. Eskuorri bat banatuko du herritarren etxeetan, eta auzoz auzo karpa bat jarriko, otsail hasieratik martxo bukaerara, 11:00etatik 13:30era. "Hauteskunde programa egitea oso garrantzitsua da guretzat, bizilagunekin hartzen dugun konpromiso bat delako". 

Alderdi sozialistaren alkategai Agustin Valdiviak eta idazkari nagusi Iñaki Mugikak eman dute prozesuaren berri, Froilan Elespe Herriko Etxean. Azpimarratu dute berriz ere bozak irabaziz gero, hauteskunde programan jasoko dituzten konpromisoak udal gobernuarenak ere izango direla. Arestian esan bezala, eskuorri bat banatuko dute herritarren etxeetan. Parte hartu nahi dutenek bertan idatzi beharko dituzte proposamenak, eta Correos-en postontzira bota. Lasarteoriatarrek beste bide batzuk ere izango dituzte parte hartzeko: 943-37 28 69 telefono zenbakira deitzea, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; mezu elektroniko bat bidaltzea socialistaslasarteoria@outlook.com helbidera; edo formulario bat betetzea www.socialistaslasarteoria.com webgunean. 

Horrez gain, Auzoz auzo izeneko karpa bat jarriko dute Lasarte-Orian zehar, 11:00etatik 13:30era, egun eta toki hauetan:

  • Otsailaren 4an, Zabaletan.
  • Otsailaren 11n, Zatarainen.
  • Otsailaren 25ean, Basaundi-Orian.
  • Martxoaren 4an, Arranbide-Oztaranen.
  • Martxoaren 11n, Atsobakarren.
  • Martxoaren 18an, erdigunean.
  • Martxoaren 25ean, Zumaburun.
  • Martxoaren 26an, Sasoetan. 

Valdiviak eta Mugicak jakinarazi dute hitzordu horiek iragartzeko kartelak itsatsiko dituztela.

Betetze maila "altua"

Lasarte-Oriako PSE-EEren ordezkari horiek prentsa agerraldia baliatu dute amaitzear den legealdiaren balantzea egiteko. "193 konpromiso hartu genituen, eta horien %86 bete ditugu, oraingoz. Horrek garbi erakusten du hauteskunde programak ez ditugula bozkak irabazteko prestatzen, herria hobetzeko baizik". Hemendik eta maiatzera arte portzentaje hori igotzen saiatuko direla aurreratu du Valdiviak. 2015-2019 legealdikoa %90ekoa izan zela zehaztu du.

 

Erlazionatuak