Hilabete berriak, kultur eskaintza berria

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 1a, 15:19

Antzerkia, zinema, ipuin kontalaria Euskal dokumentalen zikloa, opera, hitzaldia...askotariko gustu eta adinentzako kultur eskaintza egin du udalak martxorako. 

Itziar Ituño eta Ramon Agirre aktoreen Ixilik hobeto antzerkiak irekiko du hasi berri dugun hilabeteko kultur agenda, martxokoa. Manuel Lekuona Kultur Etxean oholtzaratuko dute lana, ostiral honetan, 20:00etan. Bertaratzeko sarrerak erostea ezinbestekoa da; kultur etxeko leihatilan eskura daitezke, 6 euroren truke. 

Hilaren 10ean izango da hil honetako bigarren antzerki saioa. Martxoaren 8ko egitarauaren barruan, Makelur Antzerki Taldeak Salvese quien pueda taularatuko du. Kultur etxean izango da hori ere, 19:30ean, eta sarrerek 3 euro balio dute. 

Antzerki saioekin jarraituz, eta haur ere Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira prestatutako egitarauaren barruan, Bea Egizabalen Magma mia bakarrizketa ikusterko aukera izango dute herritarrek. Hilaren 16an izango da, 19:00etan, kultur etxeko auditorioan,eta sarrerek 3 euro balio dute. 

Familia antzerki bat iragarri dute hilaren 18rako. Mar-mar anzterki konpainiak Arrainak bihotzean antzezlana eskainiko du. Kultur etxean izango da hori ere, 17:00etan, eta, sarrerak 5 euroan eskuratu ditzakete interesdunek. 

Euskal dokumentalen zikloa 

Okendo Zinema Taldearen eskutik Euskal Dokumentalen Zikloaz gozatu ahalko dute ikus-entzuleek. Hilaren 10ean, ostiralarekin egingo dute lehen proiekzioa; Ainarak emango dute kultur etxeko pantaila handian. 22:00etan izango da, eta sarrerek 6 euro balio dute. Emakumen Nazioarteko Egunaren egitarauaren barruan aurkeztu dute jarduera hau. 

Hurrengo egunean, hilaren 11n izango da bigarren emanaldia. Kuart Valley  proiektatuko dute. Aurrekoaren leku berean izango da, baina beste ordutegi batean: 20:00etan. Bertaratzeko sarrera ezinbestekoa izango da, eta kultur etxeko leihatilan eskura daitezke 6 euroren truke. 

Izaro izango da zinema taldeak hirugarren saiorako iragarri duen dokumentala. Hilaren 17an emango dute, ohiko leku eta ordutegian, 22:00etan. Sarrerek 6 euro balio dute. 

Hil amaieran izango dira gainerako hiru saioak. 24an 918 Gauak ikustera joan ahal izango dute herritarrek, 22:00etan. 25ean, berriz, Zurimiki proiektatutuko dute, 20:00etan, eta, Los Xey, una historia izango da azkena. 19:30ean hasiko da azken hori. Hiru horietara joateko sarrerek, gainontzeko saioetarakoek bezala 6 euro balio dute. 

Haur eta helduei zuzendutako zinema saioak

Udalak hilero eskaini ohi dituen zinema saioek ere ez dute hutsik egingo; guztira zazpi film proiektatuko ditu. Hilaren 5ean, igandea, izango dira lehenengo biak. El chico león emango dute haurretzat, eta Tar helduentzat. 17:00etan izango da lehena, eta 19:30ean, bigarrena. Sarrerek ere prezio ezberdina dute; haurren saiorakoek 4 euro balio dute, eta helduenenak, aldiz, 6 euro. 

Hilaren 12an izango da bigarren deialdia. 17:00etan, haurrentzako saioan Asterix y Obelix, El reino medio emango dute, eta 19:30ean, berriz, Los hijos de otros ikustera joateko aukera izango dute helduek, Sarrerak ohiko prezioan salduko dituzte. 

 

Hirugarren proiekzio saioa hilaren 19an izango da. Yuku eta Himalaiako lorea emango dute, eta 19:30ean, berriz, Almas en pena ikustera joateko aukera izango dute helduek, Sarrerek 4 eta 6 euro balio dituzte, hurrenez hurren. 

Hilaren 26an izango da azken saioa, haurrentzako. King mi pequeño rey filma proiekatuko du udalak, 17:00etan, eta 4 euroko sarreraren truke. 

Hitzordu gehiago ere bai

Maria Garciak ipuin kontaketa saioa egingo du hilaren 8an,  6 eta 8 urte arteko haurrentzat. Liburutegian izango da, 17:30ean eta doakoa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. 

Egun berean opera zaleentzako hitzordu bat ere izango da. Giuseppe Verdi-ren Aida obraren bertsio digitalaz gozatuko dute ikus-entzuleek. 19:00etan hasiko da, eta sarrerek 7,5 eta 9 euro artean balio dute.

Martxoaren 8aren harira, hitzaldi bat ere antolatu dute. Gertatutako guztia argitan jarri: Emakumeen giza eskubideen urraketak Mendebaldeko Sahara okupatuan (1975-2021) da jardueraren izenburua, eta kultur etxeko hitzaldi aretoan egingo dute, hilaren 10ean, 18:00etan. Hegoa elkarteko Irantzu Mendia eta Gloria Guzman izango dira hizlariak eta Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldearekin elkarlanean antolatu dute. Egun seinalatu horren aldarrikapen programaren barruan iragarri dute, baita ere Zero Sette Akordeoi Taldearen emanaldia. Hilaren 12an izango da, 12:00etan, Mercero guneko erabilera anitzeko aretoan. 

Hilaren 23an, aldiz, 19:00etan, Izan Iñurri elkarteak Dragón Cancer podcast saio bat eskainiko du. Bertan egongo dira Jordina Arnau eta Olatz Mercader kideak. Kultur etxean izango da, eta sarrerek 3 euro balio dute. Hori ere Martxoaren 8ko jardueretako bat izango da. 

Eta, amaitzeko, Ttakun Kultur Elkarteak eta Euskara Batzordeak elkarlanean antolatuta, 10. Euskararen Maratoialdiaren proiekzioa emango dute Kultur etxeko auditorioan izango da, 19:00etan. 

Erlazionatuak

Martxoaren 8ko egitaraua aurkeztu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2023 ots 24 Gizartea