ABEE hori osatzen duten enpresek hamabost hilabete izango dituzte obrak gauzatzeko, udalarekin kontratua sinatzen duten egunetik zenbatzen hasita.
Hauek dira aurrera eramango dituzten moldaketak:
- Erribera kaleko gune hori herriko bidegorri sarean sartzea.
- Eremuaren urbanizazio kondizioak hobetzea.
- Argiteria berritzea, LED teknologiako materiala erabilita.
- Arkupeen egitura indartzeko soluzio bat egitea eta arkupeen azpialdeko lokaletako ur filtrazioak konpontzea.
- Etxabeak garbitu eta mantentzeko lanak erraztea.
Iruzurren aurkako plana
Erribera kaleko lanen adjudikazioarena onartuta, iruzurren aurkako planari buruz aritu dira korporazioko kideak. Gai hori ere aho batez onartu dute, baina, aurreko puntuan ez bezala, eztabaidatu egin dute, bozka azaltzerakoan.
EH Bilduren bozeramaile Jon Martinek kritikatu egin du udal gobernuaren "ikuspegi estrategiko falta, berriz ere". Alderdi horretako kideei iruditzen zaie "pobrea" dela Next Generation funtsetara aurkeztutako egitasmoen balantzea: "Iruzur plan hau oinarrizko urratsa denez dirulaguntza horiek eskatzeko, baiezkoa eman dugu, baina udalak berak kudeatutako egitasmo bakarra aurkeztu izana gutxi iruditzen zaigu". Manuel Lekuona Kultur Etxean egingo dituzten obren faseena da proiektu hori.
Agustin Valdiviak erantzun du oraingoz behintzat ez dituztela egitasmo gehiago aurkeztu Next Generation funtsetako deialdien ezaugarriak ez direlako bateragarriak Lasarte-Oria bezalako udalerri baten ezaugarriekin. Edonola ere, nabarmendu du "dirulaguntza lerro guztiak" aztertzen ari direla, proposamen gehiago aurkeztu ahal izateko.