Kultur etxea eraberritzeko lanak hasiko dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2023ko otsailaren 16a

Fase ezberdinak izango dituela jakinarazi du udalak, eta lehenengoari ekingo diote berehala. Eraikinaren egungo estalkia ordezkatzeko lanak egingo dituzte, eta, horrekin batera, auditoriotik agertokira sartzeko igogailu bat instalatuko dute

Agustín Valdivia alkateak eta Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek eman dute kultur etxea eraberritzeko lanen hasieraren berri, prentsaurrean. Bertan iragarri dituzte lehen bi obrak zeintzuk izango diren: eraikinaren estalkia ordezkatzea, eta eszenatoki sartzeko igogailua jartzea. 

Unebide enpresari adjudikatu zaizkio eraikinaren gaur egungo estalkia ordezkatzeko lanak, eta horren bitartez,  filtrazioak ekidin eta eraikinaren isolamendua hobetuko dira. Horrez gain,  kultur etxearen efizientzia energetikoa hobetzea ere lortuko da, berokuntzari eta hozkuntzari dagokienez. Obraren kostua 311.464 eurokoa da, eta sei hilabeteko exekuzio epea du.

Auditoriotik eszenatokirako irisgarritasuna bermatuko duen igogailua, berriz, Bidea enpresari erosi zaio, eta Goizalan Eraikuntzak enpresak instalatuko du, 21.789 euroko kostuarekin eta bi  hilabeteko exekuzio epearekin. Proposamen hau udalak landutako azken aurrekontu partizipatibotik sortu dela nabarmendu dute udal ordezkariek. 

Gainerako faseak

Dagoeneko proiektatuta daude kultur etxea eraberritzeko datozen faseak ere. Hurrengo lanaren helburua gaur egungo kafetegia eraberritzea izango da; herriko elkarte kulturalentzako areto eta bulegoekin prestatutako gune bat eraikiko dutela iragarri du udalak. Horren ostean, berriz, eraikina behar bezala klimatizatzeko eta segurtasuneko eta larrialdiko plana gauzatzeko lanak egingo dituzte.