Herrian zehar bidaia, akuarelen bidez

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 24a, 09:37

Artikulu hau idatzi duena egunero pasatzen da Gure Etxea taberna paretik lanera joateko. Errutina zer den: milaka detaile dituen paisaia bati ez dio begiratu ere egiten ia. Irakurleok, zuei ez zaizue gauza bera gertatu inoiz? Hala bada (edo ez bada), gure herria berriz ezagutzeko aukera ona duzue, Victoria Chernenko artista ukrainarrak Agora tabernan ireki duen margolan erakusketara joanda. Akuarela teknika erabilita, Lasarte-Oriako (eta Donostiako) zenbait txoko eraman ditu koadroetara, besteak beste, Gure Etxea bera, Brigitarren komentua eta atariko plaza, edo Urnieta bideko baserrietako bat.

A! Eta bi collage bitxi, polit eta koloretsu pare bat ere badaude: Victoriak egin zuen pintxo ikastaro batean oinarritutako jaki bi, txintxarri aldizkariaren zenbait orriren gainean. "Interesgarria iruditu zitzaion amari euskara ere bere margolanetan txertatzea", azaldu du alaba Dianak –berak egin ditu itzultzaile lanak, ederki gainera–. 

Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra hasi eta gutxira etorri ziren Victoria eta Diana gurera, duela ia urtebete. Jaizkibel plazan bizi dira. Kontatu dute hasieran kosta zitzaiela bizimodu berrira moldatzea, baina "gustura" daudela. Herriaren beste erretratu bat egin du, baina ez margoekin, hitzekin baizik: "Herritarrak adeitsuak dira, laguntzeko prest daude. Deigarria egiten zait bizitzaz minutuz minutu nola gozatzen duten. Euri asko egiten du, eta eguzkia ateratzen denean, kalean igarotzen dituzte ordu asko, lagunartean, familian...". Begiekin ikusten duena koadroetara eramaten du gero: normalean, atsegin dituen tokiei argazkiak egiten dizkie, gero eredu bezala erabiltzeko. Oso gustuko du, esate baterako, arkitektura; bereziki Brigitarren komentua bezalako eraikin zaharrak. Halaber, deigarria iruditzen zaio Lasarte-Orian dauden kontrasteak: kolore desberdinak dituzten pisu blokeak, baserriak eta elkarren ondoan dauden promozio zaharragoetako zein berriagoetako etxebizitzak. Horrez gain, pertsonen nahiz animalien erretratuak egiten ditu, lore sortak, jakiak...eta lan bat enkargatzen dionak eskatzen dion edozer.

Erakusketa eta txapelketak 

Gure herrian bakarrik ez, albokoetako batean ere erakusketa bat zabaldu du Victoriak: Usurbilgo Artzabal jatetxean. Bi horiek dira gaur-gaurkoz irekita dituenak, baina aurretik erakutsi du bere lana Andoainen eta Eibarren, esate baterako. Esposizioez gain, txapelketetan parte hartzea ere gustatzen zaio; berriki, Irungo batean izan da, eta Euskal Herrira etorri aurretik nazioarteko beste askotan parte hartu du: Brasil, Frantzia, India, Txekiar Errepublika, eta abar. Akuarela teknika erabiltzen du nagusiki, baina beste asko ere menperatzen ditu: olioa, akrilikoa eta horren tradizionalak ez diren beste batzuk ere bai, esaterako, kafearekin pintatzearena. 

Arte Ederren fakultatean egin zituen ikasketak, eta 32 urte daramatza artista eta irakasle lanak uztartzen. Akademia bat zeukan Ukrainan, adin txikikoei nahiz helduei eskolak ematen zizkien han. Hemen ere, tarteka, saioak egiten ditu, zenbait ume ukrainarrekin eta Hernaniko familia batekin. "Zoragarria da sentitzen duzuna koloreen bidez transmititzea", azpimarratu du Victoriak. 

Victoriaren familiak margolaritza odolean daramala esan daiteke, alaba Dianak amaren eskutik ikasi baitu. Gaur egun, diseinu grafikoan aritzen da gaztea, baina uste du "garrantzitsua" dela teknika tradizionalak menperatzea, horiek aplikatzeko artea egiteko modu modernoagoetan.

Agoran zintzilik dauden koadroak eta beste guztiak egiteko, batez beste, astebete inguru behar izaten du Victoriak. Zeregin gehiago ere baditu, eta egunaren arabera denbora gehiago edo gutxiago behar izaten du, batzuetan hiruzpalau egun. "Badakit bi ordutan margolan bat egiteko gai dela!", esan du alabak, barrezka. 

Bi ordu, ordubete, ordu erdi edo ordu laurden, hartu tarte bat, eta joan Agorako erakusketa ikustera. Merezi du.

Erlazionatuak