Ostadar SKTko atletak lehen postuetan izan dira asteburuko hitzorduetan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko otsailaren 23a

Alex Alkain, txapelketako momentu batean. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Ostadar Atletismo saileko kideek bi hitzordu garrantzitsu izan dituzte asteburuan absolutu mailako Espainiako txapelketa eta 16, 18 eta 20 urtez azpiko Euskadiko txapelketa. Azken honetan, Alex Alkain gazteak 60 m. lasterketako brontzezko domina jantzi zuen

Sailkapen probetan, Alkainek marka onena (7,16) egin zuen; finalean, aldiz, ezin izan zituen Ander Garaiar eta Aiert Goikoetxea gainditu eta 7,18 eginez, hirugarren sailkatu zen.

Ostadar Atletismo saileko arduradunek jakitera eman digutenez, 18 urtez azpiko Espainiako txapelketako gutxienekotik ehuneko batera geratu da atleta gaztea. Hala ere, aukerak ditu lehiaketa horretan parte hartzeko.

Ostadarreko kideak, finaletan

Alkain ez zen 18 urtez azpiko mailan Euskadiko txapelketako final batean aritu zen Ostadarreko kide bakarra izan.

Oinatz Almagrok, jauzi hirukoitzean (11,06 m.) eta luzera jauzian (5,56 m.) seigarren postua eskuratu zuen. 

Jauzi hirukotzeko emakumeen proban, berriz, June Garcia zazpigarren sailkatu zen (10,03 m.). 

Pisu jaurtiketa proban ere hainbat ordezkari izan ziren lehen zortzi postuetan. Aitor Eizaguirrek bosgarren (8,86 m.) amaitu zuen lehia. Hodei Garcia (8,47 m.) eta Nora Manzanal (8,73 m.) kideak zazpigarren izan ziren eta Iker Gandia, aldiz, zortzigarren (7,24 m).

Espainiako bosgarren 

Absolutu mailako Espainiako txapelketan ere Naroa Furundarena jauzi hirukoitzeko zortziko finalean izan zen.  Nazioarteko mailako atleten aurka lehiatu zen berriro herriko atleta gaztea hilaren 18an.

Lasarte-Oriako atletismo taldeko kideak bi baleko jauzi egin zituen saioan zehar: 12,38 m. eta 12,48 m. Azken horri esker, bosgarren postua eskuratu zuen herritarrak. 

Atletismo saileko prestatzaileek azaldu dutenez, domina janzteko zorian izan zen herritarra; baleko izan ez zen jauzietako bat 13 metro baino gehiagokoa izan zen.

Talde urdin-beltzeko entrenatzaileak pozik daude kirolariek bi txapelketetan egindako lanarekin. Geratzen diren pistako txapelketetan eta aire zabalekoan ere euren onena emateko lan egingo dutela ere adierazi dute.

Erlazionatuak