Urteroko egutegia herritarren argazkiekin irudiztatzen jarraituko du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko otsailaren 13a

Iazko "arrakastak" hauspotuta, Lasarte-Oria zure objektiboan lehiaketa antolatu du udalak berriz ere, 2024ko egutegia lasarteoriatarren argazkiekin hornitzeko. Partaide bakoitzak hiru aurkez ditzake, formatu horizontalean, urriaren 27a baino lehen. Hilabete bakoitzeko irabazle bat aukeratuko dute, eta bakoitzak 100 euroko bonu bat poltsikoratuko du herriko komertzioetan erabiltzeko; azalera eramaten duten irudiaren egileak beste 50 euro irabaziko ditu.

Agustin Valdivia alkateak adierazi du "pozik" daudela, lehiaketak "arrakasta" izan duelako. Iaz 67 argazki aurkeztu zituzten parte hartzaileek. "Egitasmo hau errotu nahi dugu herrian, eta urtez urte lasarteoriatar gehiagok parte hartzea". 

Azken eguna, urriaren 27a

Udaleko Sozioekonomia saileko buru Nuria Fernandezek xehetu ditu lehiaketaren oinarriak. Parte hartzeko azken eguna urriaren 27a izango da, ostirala. Lasarte-Orian erroldatuta egon behar dute partaideek, eta bakoitzak hiru argazki bidali ahalko ditu, asko jota; horietan, udalerriko eremu edo jarduerak islatu behar dituzte. Irudi horiek originalak izan beharko dute eta formatu horizontalekoak; koloretan zein txuri-beltzean aurkez ditzakete argazkilariek, hori bai, kalitate edo bereizmen altuan. "Argazkiak edita ditzakete parte hartzaileek, baina minimoki; esaterako, argi gehixeago eman".

Hamabi hilabete, eta beste hainbeste sari: 100 euroko bonu bana argazkilari bakoitzari, herriko establezimenduetan gastatzeko. Sarituetako batek 50 euro gehiago poltsikoratuko ditu, baldin eta bere argazkia eramaten badute azalera. Horri guztiari buruz epaimahai batek deliberatuko du, eta azaro hasieran emango erabakiaren berri. 

"Aurtengo egutegiaren ezaugarri berberak eraman nahi ditugu hurrengoetara: izan daitezela politak eta gertukoak", gehitu du Fernandezek. 

 

Erlazionatuak

Hamabi argazki, 365 egun ilustratzeko

Txintxarri Aldizkaria 2022 abe 13 Gizartea