Lehen Hezkuntzako ikasleek ireki dute aurtengo CIMASUB zikloa

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 6a, 16:00
Argazkia: Real Sociedad taldeko urpekaritza saila.

Sasoeta nahiz Landaberri ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek zinema areto batean ekin diote astelehenari, kultur etxeko auditoriora joan baitira, CIMASUB Itsaspeko Zinema Zikloak antolatutako Txikizikloan parte hartzera. Itsasoen eta ur azpian bizi diren animalia, landare eta bestelakoen egoera larriaz kontzientziatzeko helburuz aurrera eramaten dute egitasmo hori, 5. eta 6. mailako haurrekin. 

Itsasoek gaur egun duten egoera larriaz ohartarazteaz gainera, haurren artean kontsumo ohitura arduratsuak bultzatzea eta ingurumena zaintzearen garrantzia erakustea dira Txikizikloaren xedeak. CIMASUB zikloaren antolatzaileek eta herriko bi ikastetxe horietako irakasleek prestatzen dute, elkarlanean: gaur auditoriora joan eta filmak ikusi aurretik unitate didaktikoen bitartez lantzen dute gaia, eskolan.

Argazki erakusketa eta proiekzioa

Goizean gaztetxoak, eta arratsaldean helduak. CIMASUBen antolatzaileek gaur irekiko dute kultur etxeko 1. solairuko erakusketa, 17:00etan. Bertan izango dira zenbait udal ordezkari. Bi ordu geroago lehen proiekzioa aurrera eramango dute, 19:00etan, auditorioan. Ordu eta erdi iraungo du saio horrek.

Erlazionatuak