Badator CIMASUB Itsaspeko Zinema Zikloaren XV. edizioa

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 31a, 18:18

Datorren astelehenean, otsailaren 6an hasiko da aurtengo CIMASUB Itsaspeko Zinema Zikloa. Real Sociedad taldeko itsaspeko sailak, Lasarte-Oriako Udalak eta Danok Kide elkarteak antolatu dute aurtengoa ere, ohi bezala elkarlanean. Gizakiak itsasoan duen eragina erdigunean jarrita, planetaren biziraupenerako garrantzitsuak diren itsaso eta ozeanoen edertasuna eta narriadura erakutsiko dute, mundu osoko ikus-entzunezko profesionalek egindako lanen bidez

26 film labur eta lau dokumental erakutsiko dituzte aurtengo edizioan. Hiru astelehenez bertaratu ahal izango dira lasarteoriatarrak ikus-entzunezkoez gozatzera, kultur etxera. Otsailaren 6an, 13an eta 20an proiektatuko dituzte, guztiak ordutegi berean,19:00etan. Sarrera doako izango da, ohi bezala. 

Gizakiaren biziraupen etorkizunerako ezinbestekoak diren pentsaera eta ohitura aldaketak martxan jartzeko "etsipen deiadar gisako" lema batek izendatua dator aurtengo zikloa: Orain edo inoiz ez. Horri erreferentzia eginez, David Sanchez Carretero Real Sociedad taldeko itsaspeko saileko ordezkariak honako adierazpenok egin ditu: "Denbora jada gure kontra daukagunean, gure ozeanoen egoera erreala ezagutarazteko helburuarekin eta hondaleak ezkutatzen dituen altxorrak ahaztu gabe, hauek kaltetzen dituzten arazoak azaleratu nahi dira". 

Dokumentalak eta film laburrak

Arestian esan bezala, orotara 26 dokumental eta lau film labur proiektatuko dituztela iragarri du Sanchezek. Aipatutako hiru egunetan zehar emango dituzte horiek guztiak, eta planetaren itsaspeko paradisuekin gozatzeko aukera izateaz gain, itsasoek sufritzen dutena egoeraz ere jabetzeko tartea izango dute.  Nabarmendu du gizakiaren ekintza eta jarrera desegokiak salatzeko ispilu izango direla proiekzioak, baina itsas hondoan ezkutuan dauden altxorren unibertsoa ezagutaraziko dutela. 

Txikiziklo ere bai

Etxeko txikiak "errespetuzko eta maitasunezko begirada batekin hezi daitezen",itsasoa ezagutu eta itsaspeko munduaz jabetu behar direla uste dute antolatzaileek; helburu horrekin abiatu zuten, duela hamar urte, Txikizikloa. Nabarmendu dute gainera, pixkanaka gero eta ikastetxe gehiagotara zabalduz joan den egitasmoa dela: "Hezkuntza eta hedapena dira gure itsasoak bizirik mantendu eta gu guztion etorkizuna bermatzeko tresnarik indartsuenak". Saio horiek ere kultur etxean egingo dituzte. Otsailaren 6an izango dira, 10:00etan eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek izango dute bertaratzeko aukera.

Bertan parte hartu aurretik, gainera, material didaktikoa lantzen dute eskoletan, ikus-entzunezko material osagarriarekin batera, eta baita jarduera eta orientazio metodologikoak ere. Aurretiazko lanketa hori "ezinbestekoa eta baliagarria" dela nabarmendu du Sanchezek, konturatu baitira, Txikizikloan parte hartzerako gaia landuta dutela, eta jakintza eskuratuta joaten direla ikus-entzunezkoak ikustera.

Argazki erakusketa, kafetegian

Ez du hutsik egingo aurtengo edizioan ere. Otsailaren 6tik 24ra izango dute herritarrek hori bisitatzeko aukera, kultur etxeko kafetegian eta honako ordutegian: 17:00etatik 21:00etara. 

Irudi horiek erakutsiko dituzte mundu osoko hainbat itsaspetan bizi diren espezie "harrigarri eta erakargarrienak", baina horrekin batera, itsas hondoko edertasuna eta gizakiaren "bidegabekeria" ere erakutsiko dute. 

Mundu osoko parte hartzaileak aurkeztu dituzte euren irudiak aurtengo edizioan. Ia 300 irudi jaso dituztela ohartarazi du Sanchezek, eta kontatu, horietatik 24 onenak akeratu dituztela erakusketa osatzeko. 

Informazio gehiagorako honako helbide hau kontsulta daiteke: https://ciclo.subacuaticasrealsociedad.com/