TEK komunitateari buruz informatzeko bulego mugikorra jarriko dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 3a, 08:45
Plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte udalaren jabetzako sei eraikinetan.

Lasarte-Oriako Udalak ezagutarazi du informazio guneak jarriko dituztela Lasarte-Orian zehar, herritarrek Tokiko Energia Komunitateari (TEK) buruzko informazioa jaso eta izena emateko aukera izan dezaten. Zehazki, bulego mugikor bat izango da: hilaren 6tik hasi eta martxoaren 5era arte zenbait eremutan egongo da, goizez nahiz arratsaldez, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Udalak bizilagunei gomendatu die elektrizitatearen faktura emateko. 

Edozein zalantza izanez gero, 946-85 63 12 telefono zenbakira deitzeko edo info@teklasarte-oria.eus helbide elektronikora idazteko eskatu die. Horrez gain, www.teklasarte-oria.eus atari digitala kontsulta dezakete interesa dutenek. 

Udalaren iritziz, egitasmoak "onura nabarmenak" ekarriko dizkie herritarrei, argindarragatik ordaindu beharrekoa "%25 merkeago" izatera irits daitekeelako TEKari esker.

Bulego mugikorra, noiz eta non?

• Hilaren 6tik 10era: Antonio Mercero gunean. Hilaren 6an, 8an eta 10ean, goizez; eta hilaren 7an eta 9an, arratsaldez.
• Hilaren 13tik 17ra: goizez, Gaztelekuan, hilaren 14an, 16an eta 17an; eta arratsaldez, Zabaletako auzo elkartearen lokalean, hilaren 13an eta 15ean.
• Hilaren 20tik 24ra: Gaztelekuan. Hilaren 21ean, 23an eta 24an, goizez; eta hilaren 20an eta 22an, arratsaldez.  
• Hilaren 27tik martxoaren 3ra: goizez, Basaundiko auzo elkartearen lokalean, martxoaren 1ean eta 3an; eta arratsaldez, Antonio Mercero gunean, hilaren 28an eta martxoaren 2an.

Ordutegiak. Goizez: 10:00-14:00. Arratsaldez: 16:00-20:00.