Lasarte-Oriako Energia Komunitatearen parte izan nahi duten herritarrek, dagoeneko egin dezakete inskripzioa – otsail amaierara arte izango dute horretarako aukera–. Hala jakinarazi dute, berriki, Agustin Valdivia alkateak eta Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek, prentsaurrean. Azaldu dute etxez etxe banatu dituzten eskuorriek ekimen horretan parte hartzearen gaineko informazio osoa biltzen dutela. Horietan energia komunitatean parte hartzeak dakartzan abantailak –nabarmenena elektrizitatearen faktura %25 murriztu daitekeela– zeintzuk diren argitzeaz gain, hil honetan zehar egingo diren zenbait hitzaldiren berri ere ematen zaie lasarteoriatarrei. Manuel Lekuona Kultur Etxean izango dira guztiak, baina egun eta ordutegi ezberdinetan: 17an, 18:00etan; 18an, eguerdian; 24an, 10:00etan, eta 25ean, 18:00etan. Horiez gain, auzoz auzoko bilkurak informatiboak ere deituko dituztela iragarri dute. Otsailean izango dira, baina zein datetan egingo dituzten oraindik ez dute azaldu.
Ohartarazpen bat ere egin dute inskripzioari lotuta. Izen ematen dutenen kopurua eskaintzen diren plazena baino handiagoa bada, zozketa bidez esleituko direla, eta kanpo geratzen direnekin itxaron zerrenda osatuko dutela. Basaundi bailarako bizilagunen kasua, berezia da. Berriztatze prozesu batean murgilduta dago auzoa, eta horrek, bertako etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzeko beharra barne hartzen duenez –dirulaguntza zehatz baten bidez–, komunitate energetikoko zenbait plaza eurentzako gordeko dituztela zehaztu dute; 156 hain zuzen.
Kanpainaren helburua da Tokiko Energia Komunitatearen gehienezko kupoa estaltzea, eta udalak sei instalazio munizipal jarri ditu egitasmoa martxan jartzeko, honako hauek zehazki: Udal kiroldegia; Garaikoetxea, Sasoeta eta Zumaburu ikastetxeak; Zabaleta auzoko frontoia, eta Oria auzoko Lorezaintzako biltegia. Horietan jarriko diren eguzki plaken bidez, 818 etxe eta establezimendu txiki –horietatik 156 Basaundiko bizilagunentzat– hornitzea da asmoa, eta ahalbidetuko du karbono aztarna 3.406 tona CO2 murriztea –13.625 zuhaitz landatzearen parekoa da hori–.
Nola egin izen ematea
Lasarte-Oriako energia komunitatean parte hartu nahi dutenek, honako web atarian egin dezakete inskripzioa: https://www.teklasarte-oria.eus. Bertan, Eman izena, Parte hartu edo Parte izan botoiei sakatuta, alta emateko formulario bat bete beharko dute, eta bidali. Inskrizpioa egin dutela baieztatzeko, mezu bat jasoko dute. Dena den, inork zalantzarik badu, horiek argitzeko bi bide hauek erabil ditzake : info@teklasarte-oria.eus helbide elektronikoa, eta 946-85 63 12. Halaber, azpimarratu dute inskripzioa sarean egin ezin dutenek, auzoetako bilkurak balia ditzaketela horretarako.