2020ko otsaila. Zaldibarko zabortegiko langile batek nagusiari jakinaraziko dio pitzadurak daudela, azter ditzaten. Lankide batek, berriz, txanda aldaketa eskatu dio inauterietako entsegura joateko, eta baiezkoa emango dio. Egun horretan luizia gertatu eta bi langile zaborpean geldituko dira. Aldi berean, irratian lan egiten duen kazetari batek ahots arazoak ditu estresaren ondorioz, eta berak ezagutzen duen kazetari erretiratu bat ebakuntza noiz egingo zain dago. Data emango diote, baina urrutiko birus batek bertan behera utziko du. Hori eta beste gauza asko.
Testuinguru horrek egoera oso bestelakoetan dauden pertsonaiei nola eragiten dien erakusten du obrak. Gertatutakoa ezkutatu nahi duten politikariak, egia azaleratu nahi duten senide, lankide eta kazetariak, hilabetetako lanaren ondoren antzeazlana estreinatu ezin duen dantzaria...
Eszenarioa eta aktoreak behin eta berriro aldatzen dira antzezlanak aurrera egin ahala. Zazpi aktoreko taldea bada ere, hogei pertsonaiaren azalean jarriko dira. Batetik bestera salto egiten dute uneoro. Gauza bera gertatzen da une batetik aurrera arropaz beterik dagoen agertokiarekin. Orain zabor pila, orain irrati estudio, orain ospitale, auto edo etxe bilakatuko da.