ESKUTITZA

Aio Juan!

Iñaki Arruti Landa 2023ko urt. 27a, 07:30

Zarata handirik atera gabe joan zara, Juan. Halaxe ibili ohi zinen gure artean zeundenean ere, isil antza, soinu gutxi, baina nora joan jakinda eta joan behar zela uste zenuen tokira joanda, arin joan ere. Ez dakit joateko nagiak, alferrak edo galbanak jota joan gabe geratu zaren tokirik izango ote den.

Errezil, nekez jaio eta errez hil. Joan den mendean, Gerra Zibiletik harantzago joanda, 1934an, jaio zinen, Juan, Buztinzuri baserrian, Errezilen. Lehendabiziko abizena Bereziartua zenuen, baina gure arteko gehienontzat ez zara Juan Bereziartua izan, Juan txoferra baizik. Kamioiekin hasi zinen txofertzan, Aginagako Errastitarrekin, eta autobusarekin jarraitu, joan-etorrian. Landaberri ikastolako txoferra, singularrean, Juan.

Txoritxo batek esan dit zeuk eskaini zenuela zeure burua autobusa gidatzeko, boluntario! Sinestea ere kosta egiten da gaur egun nolatan eskaini daitekeen norberaren eskulana musu-truk. Norbaitek ideia ona izan zuen zu kontratatzearekin. Fitxaketa hoberik? Zenbat joan-etorri egin zenituen Garaiarri erositako lineako autobus zahar harekin? Zenbat haur joan ginen zurekin autobus hartan ikastola Kalexarren ezagutu genuenetik hasi eta autobus “berriarekin” jubilatu zinen bitartean?

Zenbat? Asko. Eta nolakoak, atzera-aurrera haiek? Ez dut ezagutzen ikastolako autobuseko joan-etorrien gainean zer kontatua ez duen ikasle ohirik. Izan autobusera sartzerakoan egiten zenigun harrera, izan atzeko partean zegoen banku jarraitu hura, izan haren erdian zegoen ordezko gurpil hura, izan haurrak builaka ginenean motor gainean zenuen mahaitxo harekin (txartelen salerosketako txanponak gordetzekoa zen harekin!) ematen zenuen kolpe lehor hura: ixo!

Autobusaren joan-etorriak bakarrik izan balira, tira. Zenbat ordu sartu zenituen ikastolan, astegun eta asteburu, bertara joan eta egin behar zena egitera? Izan eraikina bera jasotzera, izan inguruko sasiak garbitzera, izan Imanoli esku bat botatzera, izan gaztainak erretzera, izan…, izan, gu denontzat hezitzaile bat izan zara, Juan. 

Jubilatu bai, baina erretiratu ez. Landaberriz gain, Ttakunen zenbat ordu? San Tomaseko gaztainak, Euskararen Maratoietan beti esku bat botatzeko prest… Eta solaskide? Horixe hitz aproposa izan zarena deskribatzeko, hitz egiteko kide. Juan eta Joan. Zenbat urte joan dira, astero, euskaldun batek, osatzeko bidea egiten ari den beste bati, eman diezaiokeen onena ematen? Ahobizi, belarriprest eta betiprest.

Eta bertso-eskolan ere bai, tartean. Bertsotako kideek laster osatuko lukete zuretzat zortziko txikia oin hauek emanda: argala, kabala, apala eta zerbitzala.
Gerra eta diktadura-aldi latz batean nekez jaio eta bizitua. Soziolinguistikako eta ekintza komunitarioaren inguruko teoriarik ezagutu gabea, baina, ibilian-ibilian, bide-erakusle oso praktikoa izan zara Juan. Joan-joan, joan zara, Juan, baina gurekin joango zara gero ere. Mila esker oihu isil bat.

Erlazionatuak

Juan Bereziartua hil da

Txintxarri Aldizkaria 2023 urt 23 Gizartea