ESKUALDEA

Lasarte-Oriako GKS: "Mugimendu gazte honek lortu duen batasun politikoa erakutsi eta sustatu behar dugu"

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 20a, 08:15

Iragan urtean ere mobilizazioak aurrera eraman zituen Gazte Koordinadora Sozialistak. Argazkia: Gazte Koordinadora Sozialista.

Langileriak eta batez ere behargin gazteek gaur egun bizi duten "ondoezaren" erantzuleak enpresari handiak eta agintariak dira, Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) esanetan. "Krisi ekonomikoa denon ahotan dago, eta burgesiaren erasoaren ondorioa da". Hori salatu eta proletariotzaren "batasun politikoa" sustatu asmoz, jakinarazi du bi manifestazio antolatu dituela hilaren 28rako, larunbata, Iruñean eta Bilbon, 18:00etan, Enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! lelopean. Lasarte-Oriako GKSk eta Buruntzaldeko gainerako taldeek azken horretara joatera deitu dituzte herritarrak.

Autobusak antolatzen ari da horretarako, "ahalik eta prezio merkeenean", adierazi du Lasarte-Oriako GKSk. Buruntzaldea mailako Instagram kontuan ari da horri buruzko informazioa ematen, eta aurreratu du hiru ibilgailu izango dituztela aukeran mobilizazioetara bertaratu nahi dutenek: 15:50ean, Andoainen (Txopera); eta 16:00etan, Hernanin (Biteri) nahiz Urnietan (anbulategi zaharreko parkina). Interesa duten lasarteoriatarrek Instagram bidez jarri beharko dute harremanetan antolatzaileekin, mezu zuzen bat bidalita. Bilboko manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik hasiko da.

Langileen egoerak, "okerrera" 

Iazko urtarrilean ere mobilizazio nazionalak aurrera eraman zituen GKSk. Urtebete geroago, Lasarte-Oriako GKSko kideek uste dute langileen egoera are gehiago okertu dela, eta batez ere, gazteena. "Joan den urteko urtarrilean ikusten genuen bizi mailaren garestitzea, beharginen soldatak ez igotzea, gazteekiko errepresioaren gorakada... 2022an zehar are gehiago okertu da hori guztia: Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) %9 inguru igo da, eligakai eta beste oinarrizko behar batzuk %14 garestitu dira eta soldatak, berriz, %2,6 baino ez dute gora egin; langileen erosahalmenaren jaitsiera nabarmena izan da". Hori guztia ez da naturalki gertatu, "burgesiaren erasoaren parte bat" da. "Klase horrek aurrera eramaten duen estrategia bat da, haien etekinak handitu eta egoeraren pisu guztia proletariotzaren gain jartzeko". 

Horri guztiari, gainera, langileekiko eta bereziki gazteekiko errepresioaren gorakada gehitu behar zaio, talde horren aburuz: "Agintariak igotzen ari dira poliziaren aurrekontua, desordena publikoaren delitua gogortu egin dute... Gurekiko jazarpena areagotu egin dute azken urtean". 

Aurten ere Iruñeko zein Bilboko kaleak hartuko dituzte GKSkoek, beraz. Eliteen erasoa deitoratu eta proletariotzaren batasun politikoa bultzatzeaz gainera, aldarrikatu nahi dute "funtsezkoa" dela langileentzako "instituzio propioak" eraikitzea, politikoki "independenteak" izango direnak. "Egungo sistema kapitalista gainditzeko politikak garatzeko modu eraginkor bakarra da hori, langileriaren independentzia politikotik gauzatuko direnak". Horrekin batera, beharrezkotzat jotzen dute politika instituzionalaren jokoa "auzitan" jartzea, "enpresarien beharrei erantzuten dielako". Bestela esanda, azpimarratu dute estatuko erakundeak "zapalkuntza kapitalistaren kudeatzaileak" direla: "Ordena hori behin eta berriro errepikatu besterik ezin dute egin". Hortaz, GKSk honako hau defendatzen du: "Langileek sortu behar dituzte beraien berezko erakundeak, burgesiarekiko independentzia lortu eta benetako politika emantzipatzaileak aurrera eraman ahal izateko".

Langileriak gaur egun bizi duen egoerari aurre egiteko "tesi koherenteak" planteatzen dituztela iritzita, Lasarte-Oriako GKSk herritarrak animatu ditu hilaren 28ko Bilboko manifestazioan parte hartzera. "Mugimendu gazte honek lortu duen batasun politikoa erakutsi eta sustatu behar dugu".

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Buruntzaldeako GKS (@gks_buruntza)

Erlazionatuak

Lasarte-Oriako GKS aurkeztu dute Gaztelekuan

Txintxarri Aldizkaria 2022 urr 15 Politika