Egoerak berebiziko garrantzia du nola jokatu jakiteko, eta egungoa "etengabeko gainbeheran dagoen" kapitalimosaren krisiak ezaugarritzen du. Aurretik badator ere, COVID-19ak areagotu egin du bai joera hori bai proletarizazio prozesua ere, "klase ertainaren desagerpenarekin eta polarizazioarekin".
Gazteengan izan duen eragina nabarmena izan da, gazte langileen baldintza ekonomikoak okertuz: langabezia, aldizkako lanak edota langabezia kronikoa. "Proletarizazioak pobre izatera kondenatzen gaitu", "gazte baten soldatarekin ezinezkoa da bizi proiektu duin bat abiatzea", nabarmendu dute kideek, eta ildo bereko beste zailtasun batzuk gehitu: Etxea erostekoa, alokairua ordaintzekoa, zerbitzuetarako sarbidearena...
Halaber, egoera horretan izan den autoritarismoaren igoera eta gazteen kriminalizazioa salatu dituzte, baita masa komunikabideek errepresioa "areagotu eta justifikatu" izana ere.
Testuinguruak "errotiko aldaketa bat" eskatzen du eta gazteriak "zapaldutako" sektorea izateari uzteko "ezinbestekotzat" jotzen dute estatu sozialistaren eraikitzea. Sozialismoak zapalkuntza guztiak "ezerezten" dituen heinean, irtenbide bakarra dela deritzote.
Gazteek pairatzen dituzten gatazka nagusiak klase gatazkaren barruan kokatzen dituztenez, sozialismoaren alde lerratu eta haren eraikuntzarekin konpromisoa hartzen du GKSk. Euren jardunaren helburu nagusia estatu sozialistaren eraikitzea da. "Langileria boterea eskuratzera hauspotzea da, burguesiaren boterea suntsituz, eta batez ere, sozialismoaren eraketari bide eman".
Bost auzi nagusi
Marraztutako egoera horretan, bost auziren inguruan ardaztu dituzte proposamen zehatzago batzuk.
- Gazte lan merkatua
- Lan baldintza berdinak guztiontzat.
- Gazteon lan baldintza prekarioekin amaitu.
- Bizi ereduaren pobretzea
- Oinarrizko bizi bitartekoak bermatu
- Denbora librerako eta norberaren garapen askerako baldintzak sortu
- Ingurugiroaren suntsipena borrokatu
- Gazteoi bideratutako kultur industria
- Indarkeria matxista borrokatu
- Pobreziaren normalizazioari aurre egin
- Despolitizazioari aurre egin
- Hezkuntza sistema
- Enpresarien interesetara dagoen hezkuntza ereduarekin amaitu
- Hezkuntza edukiz husteari ez, autoritarismoa borrokatu
- Autoritarismoa eta eskubide kolektiboak
- Gazte langileon aurkako kriminalizazioarekin eta jazarpenarekin amaitu.
- Eskubide politikoak borrokatu
Hauen gaineko xehetasunak GKSren webgunean irakur daitezke.