Hasi dira Tokiko Energia Komunitateaz informatzeko hitzaldiak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 18a, 12:25
Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentua

Lau hitzaldi iragarri ditu Lasarte-Oriako Udalak eta horietan lehen astearte arratsaldean egin du. Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan izan da, eta bertan egon da, Agustin Valdivia alkatearekin batera, Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio 

Lasarte-Oriako Energia Komunitatearen parte izan nahi duten herritarrek dagoeneko egin dezakete inskripzioa. Otsail amaierara arte izango dute horretarako aukera; hala jakinarazi zuten iragan astean, Agustin Valdivia alkateak eta Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek, prentsaurrean. Bertan iragarri zituzten baita ere egitasmoaren berri emateko antolatu dituzten hitzaldiak, eta horietan lehena atzo arratsaldean egin zuten, kultur etxean. 

Bertan izan dira Valdivia eta  Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio, baita Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako sailburuorde, Miguel de los Toyos eta Edinor-eko kontseilari ordezkari, Juan Diego.

Datozen asteetako hitzorduak

Lau hitzaldi iragarri ditu udalak, eta lehena eginda, gaur izango da bigarrena. Eguerdirako deitu dute. Beste biak datorren astean izango dira. Hilaren 24an, 10:00etan eta 25ean, 18:00etan. Denak ala denak kultur etxeko auditorioan. 

Horiez gain, auzoz auzoko bilkurak informatiboak ere deituko dituztela iragarri dute. Otsailean izango dira, baina zein datetan egingo  dituzten oraindik ez dute argitu.

Izen emateko modua
Lasarte-Oriako energia komunitatean parte hartu nahi dutenek, honako web atarian egin dezakete inskripzioa: https://www.teklasarte-oria.eus. Bertan, Eman izena, Parte hartu edo Parte izan botoiei sakatuta, alta emateko formulario bat bete beharko dute, eta bidali. Inskrizpioa egin dutela baieztatzeko, mezu bat jasoko dute. Dena den, inork zalantzarik badu, horiek argitzeko bi bide hauek erabil ditzake : info@teklasarte-oria.eus helbide elektronikoa, eta 946-85 63 12. Halaber, azpimarratu dute inskripzioa sarean egin ezin dutenek, auzoetako bilkurak balia ditzaketela horretara.