ERREGE MAGOAK

Lasarteoriatarrak agurtzera etorri dira Errege Magoak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 5a, 20:19

Meltxor, Gaspar eta Baltasarri harrera beroa egin diote lasarteoriatarrek. Oriatik barrena, herri kaskora iritsi dira, eta Okendo plazan egin dute agur nagusia. Etenik gabe bota dituzte goxokiak ibilbide osoan zehar, eta pozarren agurtu, euren zain zeuden haur, gazte eta helduak. 

Kilometro ugari eginda, Ekialde Urrunetik etorri dira Errege Magoak Lasarte-Oriara. Pozarren agurtu dituzte euren zain zeuden herritar guztiak, eta egin dieten harrera eskertzeko, goxokiak jaurti dizkiete. 

Lan ederra izango dute gaur gauean Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek; etxez etxe joango baitira opariak uztera. Baina zeregin hori guztia ez dute euren bizkar gainean hartuko; pajeen laguntza ere izango baitute. Horiek arduratu dira eguerdian haurren eskutitzak jasotzeaz, Errege Magoak Atsobakar egoitzako egoiliarrak agurtzera joan baitira. Bazkalostean elkartu dira denak, Ama Brigitarren komentuan; bertan, oraindik gutunak entregatzeko zituzten gaztetxoekin egon dira, ordu eta erdiz. Horren ostean, Oriara joan dira, eta bertatik abiatu dira zentrora, kabalgatan. Megaba elkarteak antolatu du, eta urteroko karroza ikusgarrietan ibili dira hara eta hona erregeen laguntzaile guztiak. Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek, aldiz, zaldi gainean egin dute ibilbidea. Geldialdi bakarra egin dute aurten, Okendora iritsi aurretik: Brigitarren komentuan. Bertako mojak agurtzera sartu dira, eta oparitxo bana entregatu diete erregeek. Goxokiak ere eman dizkiete, eta argazki ugari atera dituzte denek elkarrekin. 

Oriako pilotalekutik hasi dira; Kale Nagusia zeharkatu dute gero; Tajamar biribilgunea hartu aurretik ezkerretara egin dute; eta Antonio Mercero aretora sartu. Ondoren, hiru erregeak udaletxeko balkoira igo dira, herritarrak agurtu eta urtean zehar nola portatu diren galdetzera. Bi haurrek idatzitako eskutitzak irakurri dituzte Meltxorrek eta Gasparrek, eta kantuan aritu dira Baltasarrekin. Ostean, plazan bildutakoak agurtu, eta lanera, opariak prestatzera abiatu dira. Bihar goizean jasoko dituzte herritarrek opariak, zapata ondoan.