Inoiz baino gehiago gara

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 4a, 11:27
Korrika, Euskararen Maratoialdia eta kros herrikoiaren gisako ekimenek lagundu dute trafikoa areagotzen.

TXINTXARRI aldizkariaren webguneak inoiz baino bisitari gehiago izan ditu 2022an, eta horiek inoiz baino saio gehiago hasi eta inoiz baino orri gehiago bisitatu dituzte. Lasarte-Oria bizi mantentzen duten egitasmo ugari normaltasunez antolatu izanak eta horien berri emateko egindako lan komunikatiboak eragin nabarmena izan dute horretan.

Itzuleren urtea izan da 2022a. Bueltatu dira 22. Korrika, Euskararen Maratoia eta Lasarte-Oria Bai! krosa, besteak beste. Lasarte-Oriaren bizitzak taupaden ohiko erritmoa berreskuratu du, eta TXINTXARRI aldizkaria egiten dugunok aukera izan dugu gure herrian gertatzen denaren berri gertutasunez, euskaraz eta, batez ere, normaltasunez emateko. Horregatik guztiagatik, amaitu berri den urtean inoiz baino handiagoa izan da www.txintxarri.eus webgunearen trafikoa, Google Analytics tresnak eskura jartzen dizkigun datuek esaten dutenez: 52.843 bisitari (49.517 izan ziren iaz, %6,7 gutxiago), 134.805 (118.296 iaz, ia %14 gutxiago) saio eta 312.966 irekitako orrialde (292.893 iaz, %6,85 gutxiago). 

2017tik hona datuek izandako bilakaera izugarria izan da. 2020a izan zen inflexio puntua, pandemiaren urtea, papereko edizioari garrantziarik kendu gabe webgunearen aldeko apustu irmoa egin genuenekoa. Urte batetik bestera %30 igo ziren bisitak, esate baterako, eta orduan argi ikusi genuen etorriko ziren urteetarako erronka datu horiek mantendu eta ahal genuen heinean hobetzea izango zela erronka nagusia. Bada, lortu dugu: 2021ekoak ez ziren aurreko urtekoak bezain oparoak izan, baina oso gutxigatik, eta iazkoak, esan bezala, inoizko onenak izan dira bisitari, hasitako saio eta bisitatutako orri kopuruari dagokionez. Horrekin batera, irakurle bakoitzak saio gehiago hasi ditu batez beste, 2,55, baina orri gutxixeago bisitatu ditu (2,48, iaz baino %6,23 gutxiago), eta laburxeagoak izan dira irakurraldiak (bi minutu eta 35 segundokoak, iaz baino zazpi segundo gutxiago). Edonola ere, balantze orokorra ezin hobea da.

Hilabete oparoena, urria

Iragan urteko hilabete oparoena urria izan da; bisitek hor jo dute goia, 48.510. Zalantzarik gabe, eragin handia izan dute Euskararen 10. Maratoialdiaren hasierak eta Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia aurrera eraman izanak. TXINTXARRI-k jarraipen komunikatibo bereziak aurrera eraman zituen, eta fruituak eman ditu. Martxoa, ekaina eta uztaila ere emankorrak izan ziren.

2022ko eduki ikusienak

Bukatu berri den urteko hamar eduki ikusienen artean Maratoialdiarekin, krosarekin, sanpedroetako kontzertuarekin eta 22. Korrikarekin zerikusia duten artikuluak egotea ez da batere harritzekoa. Herritarrak kalera atera eta festa giroan murgiltzeko gosez egon dira 2022an, eta nabaritu da. Horrez gain, ekainean sortutako Lasarte-Oriako Transmaribolloen Kolektiboak, Esti Garmendia Arrieta maiatzeko hauteskundeetarako alkategai izateak eta gure herrian GKS sortu izanak ere ikusmin handia piztu dute.

Beti bezala, eskerrik asko zuen konfiantzagatik, irakurleok. Urte berriarekin ohitura zaharra mantenduko dugu, Lasarte-Oriari buruz gertutasunez eta euskaraz (eta normaltasunez, espero) informatzen jarraitzea.

Erlazionatuak