Avenidako haragi bola ogitarteko famatua, Euskal Telebistan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 2a, 15:00
Yon Mikel Rodriguez eta Paulino Ibargoien, haragi bola ogitartekoarekin. Argazkia: EITB.

Paulino Ibargoien lagunaren laguntzarekin, Avenida taberna jatetxeko jabe Yon Mikel Rodriguezek bertako plater famatuenetako bat, haragi bola ogitartekoa, nola egiten duen erakutsi du Joseba Argiñanoren Sukalerrian saioan.

1982an zabaldu zuten Avenida taberna jatetxea Yon Mikelen gurasoek, Juan Rodriguez eta Rosa Ventosok. Iragan martxoan ospatu zuten 40. urteurrena. Hipodromo etorbidean dagoen establezimendu horretako pintxo, errazio eta platerak azkar egin ziren ezagun lasarteoriatarren artean. Horietako bat izan zen haragi bola ogitartekoa; aurreko egunean parranda egin ondoren hara gosaltzera joaten ziren gaupaseroek proposatuta hasi ziren prestatzen.

Osagaiak, hauek: Avenidaren ondoan dagoen Etxezarreta harategiko haragia, baratxuria, perrexila, arrautzak, ogia, esnea eta gatza. Ibargoienek azalpenak eman bitartean, Rodriguezek haragi bolei forma eman, hirin eta arrautzetatik pasa eta frijitu egin ditu. Ondoren, ogi artean sartu ditu, eta patata frijituak zein saltsa berezia gehitu. Gutizia hori dastatu nahi duenak Hipodromo etorbidera joan besterik ez du.

Erlazionatuak