Avenida tabernak bere lau hamarkadak ospatu ditu lasarteoriarrekin

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mar. 5a, 14:09

Ohiko bezeroek ez dute hutsik egin eta haieki batera herritar ugari batu dira eguerdiko ospakizunera.

40 urte ez dira egunero betetzen eta osagaiez betetako festa egin dute Avenidan. Taberna lepo zegoen eta lagun asko sarrera inguruan pilatu dira; barrualdea ere hala baitzegoen. Apain-apain jarri  dute gunea girlanda, globo eta argiekin. Giro ona ere ez da falta izan, DJ bat arduratu baita musikaz. Zer jan eta zer edan, noski, ez da falta izan.

Bertaratutakoek ilaran itxaron dute urdaiazpiko moztaileak bere magia egin, eta platertxoa bete arte. Paella nahi zutenetako batzuek, gehixeago itxaron behar izan dute, lehena amaitu eta bigarrena prest egon arte. Barra atzean gelditu gabe aritu dira edariak zerbitzatzen; eta sukaldean ere ez dute aspertzeko betarik izan.

1982. urtean zabaldu zituzten Avenida tabernako ateak Rosa Ventosok eta Juan Rodriguezek. Azken hamarkadan horren ardura hartu du Yon Mikel Rodriguezek. Batetik bestera ibili da jendea agurtzen, hizketan, pozik. Ate ondoko photocallean argazkia egiteko aukera izan dute bertaratutakoek, baina Rodriguez-Ventosa familiako kideak izan dira lehenak.