Herriko haurren maitasuna jaso dute Olentzero, Mari Domingi, Xixuko eta Porrotxek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 24a, 20:54

Olentzero eta Mari Domingi atseden hartzen eta indarberritzen ariko dira une honetan. Izan ere, zereginez beteriko eguna izan baitute eta aurretik zain dute gau luze bat.

Goizean haurren eskutitzak jaso, patxintxiak banatu eta argazki pila egin ondoren, arratsaldean, kale jiran irten dira. Loidibarren pilotalekutik atera dira karrozak, aurretik ikurriña zeraman hirukote bat joan da bidea irekitzen, atzean, Ttakun KEko Kuadrillategi egitasmoko gazteak zihoazen aurrena, suziak eskuetan, galtzagorriak, basajaunak, Ttirriki Ttarraka musika eskolako kideak... Karrozetan lehena, Porrotxena. Pailazo bihurriak kriseilua eskuan argitu du bidea, eta behin eta berriro oihukatu die bide ertzetan zeudenei bera zela Olentzero. Amets polita, akaso; baina inork ez dio sinetsi. Atzean, berriz, gaurko protagonistak: Olentzero, Mari Domingi eta Xixuko.

Jendez beteriko kaleetan barrena heldu dira Okendora. Oholtza gainera igo dira galtzagorriak eta gainerako pertsonaiak Porrotxekin batera. Ondoren,  Olentzero, Mari Domingi eta Xixuko batu zaizkie eta Marimototsek eta Pirritxek idatzitako gutunak irakurri dituzte. Porrotxek berea une horretan irakurri die. Hain zen luzea, Olentzero bera lokartu duela. Gauzaren bat edo beste kendu beharko du, Napo beste behin haserretzea ez baitute nahi. Abestu eta dantza ere egin dute hurrengo urtera arte agurtu aurretik. Gauen bisita egingo baitiete zintzoak izan diren haurrei (eta hain haur ez direnei), baina ez dute elkar ikusiko.