Mari Domingi eta Olentzerori harrera egin diete goizean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 24a, 16:12

Gau berezi da gaurkoa etxeko txikienentzat eta goizetik hasi dira ospatzen. Adar doinuarekin artaldea batu, eta kantu jira abiatu dute Isla plazatik. Okendora bidean, erdiguneko kaleetan barrena zabaldu dituzte trikiti eta pandero doinuak. Bidean zenbait geldialdi egin dituzte, gabon kantak abesteko, eta albotik pasatakoek emandako edo leihoren batetik eroritako dirua bildu dute izara batean. Ordubete eta erdi inguruz ibili dira, eta sari gisa, txokolate beroa eta bizkotxoa eman diete plazan. Ikastetxeetako haurrek egindako marrazkiekin apaindutako zabalgunean Xixuko zain zuten, gutunak jaso edo patxintxiak banatzeko. Berarekin argazkiak egin dituzte postontzi ondoan. Txandetarako txartela zutenek, berriz, Mari Domingi edota Olentzerorekin egoteko aukera ere izan dute. Opari zerrenda gordetzen duen eskutitza eskuan eman ahal izan diote, iritsi zaiela ziurtatuz.