Plaza bete azoka

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 21a, 20:10

Gogotik ospatu dute San Tomas azoka herritarrek, Okendo plazan. Txistorra, txokolate edo gazta (edo hiru osagaiekin, zergatik ez) taloak jan, sagardo freskoa edan eta asteazken arratsalde pasa ederra egin dute. Xumela koruak, bingoa egin duten gazteek eta Plaza Dantzako lagunek girotu dute ekitaldia.

Talo eta gaztain usain gozoak lasarteoriatar ugari liluratu baditu ere (ikusi besterik ez zen egin behar zer-nolako ilara zegoen tiketak erosteko), Martina txerriak eta haren kumeek sortu dute ikusmin handiena. Gazte eta heldu, asko izan dira animalia ikustera pasa direnak. 

Sukalde lanetan eta zerbitzatzen aritu direnek aipamen berezi bat merezi dute. Talogileek, zer esanik ez: 17:00etatik hasita, jo eta fuego aritu dira, arto irinari forma eman eta plantxan egosten. Kontaezinak izan dira egin dituzten opilak, eta deskribaezina zenbat gozatu duten ahora eraman dituztenek. Alboan jarri dute gaztainen postua, eta geratu gabe aritu dira horiek ere. 

Plazako arkupeetan postuak jarri dituztenek ere nekez izan dute arnas pixka bat hartzeko unerik, esan bezala, jendetza joan baita azokaz gozatzera. Giroa sortzean lagundu du, nola ez, eguraldiak: tarte batzuetan tanta batzuk erori badira ere, sagardoak bota ditu zipriztin gehien. 

Kantu eta dantza

Xumela korukoek ez dute hutsik egin, eta euren errepertorioko onena eskaini diete lasarteoriatarrei, Okendotik hasi eta erdigunean barrena. Abeslariek plaza utzi dutenean hasi da Kuadrillategiko gazteen bingoa. 45, 23, 70, 88... Luzea izan da zenbaki herrenkada, lehen ilaran kartoiari adi-adi zegoen herritar batek bingo! esan duen arte. 

Saria jaso eta gero, Plaza Dantzako lagunek hartu dute plaza, eta dantzan jarri dituzte bertaratutakoak, nekaezin. Tarte hori eta aurreko guztiak beroketa ariketa ederra izan dira Eguberrietan etorriko den guztirako.

 

Erlazionatuak

Talogileak, lan eta lan

Txintxarri Aldizkaria 2022 abe 21 Kultura

Xumela korukoen emanaldia Okendon hasi da

Txintxarri Aldizkaria 2022 abe 21 Kultura