Hilaren 31ko disko festa izango da Eguberrietako egitarauko berrikuntza nagusia

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abenduaren 19a

Ezker-eskuin: Maite Iglesias, Agustin Valdivia, Txus Alonso eta Juantxi Ugarte.

Gabonetarako antolatuko dituen jardueren berri eman du Lasarte-Oriako Udalak. Herriko zenbait eragilerekin elkarlanean aurrera eramango ditu batzuk, San Tomas azoka eta San Silvestre lasterketa kasu, eta kontratu bidez beste batzuk, Eguberrietako Haur Parkea eta programako berrikuntza izango den disko festa bezalatsu. "Antolatutako ekimenez gozatzea opa diegu lasarteoriatar guztiei; bazen garaia pandemiak ekarritako neurriak atzean utzi eta normaltasuna berreskuratzekoa", adierazi du Agustin Valdivia alkateak.

San Tomas azokak irekiko du egitaraua asteazken honetan, hilak 21. Ttakun Kultur Elkartearekin elkarlanean aurrera eramango du udalak, 17:00etatik 20:30era. Taloak, txistorra, gaztainak, sagardoa... Ospakizun horretan ohikoak diren jaki eta edariak kontsumitu ahalko dituzte herritarrek azokan. Ttakun KEk berak jarriko duen postuaz gain, herriko zenbait eragile eta talde ere animatu dira parte hartzera.  San Tomas eguneko protagonista nagusietako bat, txerria, plazan bertan (eguraldi txarra egiten badu, Oriarte Landaberrin) jarriko dute ikusgai. Horrez gain, kultur egitarau bat prestatu du euskara elkarteak: Xumela korua eta Oaintxe in deu txarangakoen emanaldi bateratua, bertsolariak, Plaza Dantza egitasmoko lagunek egingo duten dantzaldia eta Ttirriki Ttarraka musika eskolakoen emanaldia. Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte baserritar jantzi eta San Tomas azokara bertaratzera.

Hiru egun geroago jaitsiko dira herriko txikienen pertsonaia kuttunenak, hilaren 24an: Mari Domingi eta Olentzero. Herrian bertan izango dituzte zain hiru lagun maitagarri: Xixuko ahatea, Mari Teilatuko eta Porrotx pailazoa. Goizean lan egin beharko dute Mari Domingik eta Olentzerok: haurren eskutitzak jasoko dituzte Antonio Mercero gunean, 12:00etatik 14:00etara. Ekitaldi horretara joan ahal izateko, herritarrek txartelak eskuratu behar dituzte Ttakun KEren bulegoan (Geltoki kalea 4, behea), hilaren 22an, ostegunarekin, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Gutunen jasoketa hasi aurretik, herriko ikastetxeetako haurrak kantuan ibiliko dira erdigunean barrena: 10:15ean hasiko dira, Isla plazan. Bukatutakoan, Landaberri eta Sasoetako guraso elkarteek prestatutako txokolate goxo eta beroa jango dute. Mari Domingi, Olentzero eta lagunak kalejiran aterako dira arratsaldean, 18:00etan, Loidibarren pilotalekutik. Ordu erdi geroago Okendo plazara iritsi, eta ekitaldi koloretsu bat egingo dute.

Eguberrietako Haur Parkea

Hilaren 21ean zabalduko dute Eguberrietako Haur Parkea (EHP), eta urtarrilaren 4an itxiko. Puzgarri, joko eta bestelakoak Michelin pilotalekuan eta alboko tenis pistetan jarriko dituzte, ohi bezala. Servicios Globales Araba SL enpresari adjudikatu dio kontratua udalak: 64.000 euro (BEZa aparte), bi urtetan EHP antolatzeagatik. Haurrek ez dute sarrerarik ordaindu beharko, eta helduek, euro bat. Goizeko ordutegia 11:00etatik 14:00etara artekoa izango da eta arratsaldekoa 17:00etatik 20:00etara artekoa. "Ordu eta erdiko txandak egingo ditugu, aforoa errespetatu eta haur guztiek parkeaz goza dezaten", zehaztu du Gazteria eta Festak saileko buru Txus Alonsok. Hilaren 25ean eta 1ean itxi egingo dute, eta goizez bakarrik ireki hilaren 24an zein 31n eta urtarrilaren 4an. Oriartekide guraso elkarteak kudeatuko du kafetegia, Oriarte institutuan ikasten duten gazteen kurtso bukaerako bidaia diruz laguntzeko.

2022ari agur esateko, San Silvestre Lasarte-Oria lasterketa eta disko festa bat egingo ditu udalak. Kirol proba 12:30ean hasiko den arren, jarduera gehiago aurrera eramango dituzte antolatzaileek lehenago, giroa berotzeko: beroketa, kanpaikadak, Porrotx pailazoaren emanalditxoa... Ostegunean prentsaurreko bat egingo dute, xehetasun guztien berri emateko. Disko festa, berriz, Andatza plazan izango da, eta bi zati izango ditu: familiari zuzendua aurrenekoa, 19:00etatik 20:30era, eta parranda girokoa bestea, 2023ari ongietorria egiteko, urtarrilaren 1eko 01:00etatik 04:00etara. 

Esan bezala, udalak inolako neurri eta murrizketarik gabe egingo ditu jarduera horiek guztiak, eta Errege Magoen harrera ere bai. Urtarrilaren 5ean etorriko dira herrira Melchor, Gaspar eta Baltasar. Atsobakar erresidentziara joango dira goizean, pajeek haurren eskutitzak jaso bitartean, Okendo plazan, 12:00etatik aurrera. Bazkalostean, Brigitarren komentuan izango dira 15:30etik 17:30era, haurrekin solasean, eta Oria auzora joango dira gero, zaldi gainean igo eta herrian barrena ibiltzeko. Ohi bezala, Megaba elkartea arduratuko da ongietorria prestatzeaz.

Gospel kontzertua, "tradizio"

Gazteria eta Festak sailak bakarrik ez, Kulturak ere antolatu ditu zenbait jarduera egun berezi hauetarako. Aurrenekoa asteazkenean izango da, kultur etxeko auditorioan, 19:00etan: Udal Musika Eskolako ikasleek kontzertua emango dute. Hori ez da musika emanaldi bakarra izango, hilaren 29an Sand&The Soulshine Voices taldeak gospel kontzertua emango duelako, gure herrian "tradizio" bilakatu dena, Kultura saileko buru Maite Iglesiasek adierazi duenez. Kultura teknikari Juantxi Ugartek gehitu du boskote hori Frantzia hegoaldetik datorrela, Montpellier hiritik, eta errepertorio zabala duela. Sarrerek 14 euro balio dute.

Hurrengo egunean, hilaren 30ean, Okendo Zinema Taldearekin elkarlanean, urteko azken filma proiektatuko dute, Todo el mundo odia a Johan, jatorrizko bertsioan (norvegiarra da ikus-entzunezkoa) eta azpidatziekin. Sarrerek 6 euro balio dute.

Agerraldian parte hartu duten udal ordezkariek aipatutako jarduera horiez guztiez gozatzera animatu dituzte herritarrak.

Erlazionatuak