Ikusmina sortu du Garmendia eta Iriarteren arteko solasaldiak, txiki geratu baita Mirentxuko aretoa. Esertzeko aulki nahikoa ez, eta zutik jarraitu behar izan dute solasaldia zenbait herritarrek. Moderatzaile lanak Uxue Loinazek egin ditu, Lasarte-Oriako EH Bilduko zinegotzietako batek.
Alboan zuen legealdi honetan ere zinegotzi lanak egiten ari den Esti Garmendia, 2023ko hauteskundeetan koalizio abertzalearen alkategai izango dena. Adierazi du jauzi handiagoa eman zuela 2019ko maiatzean, EH Bilduren udal taldean sartzea erabaki zuenean, zerrendaburu izango zela erabakitzean baino: "Gaur egun zinegotzi ez banintz izango, ez nintzateke zuen aurrean alkategai gisa ariko; salto osoa duela hiru urte eta erdi eman nuen, orain, erdia". Erabaki horrekin harro dagoela erakutsi du solasaldiak iraun bitartean, eta nabarmendu EH Bildu helburu nagusietako bat betetzen ari dela, zerrendaburua emakumezkoa izatearena. "Politika, oro har, oso maskulinoa da oraindik, eta udaletxea ere bai. Legegintzaldi hasieran lanketa berezi bati ekin genion, etxe barruan nahiz kanpoan; horri esker, horrelako ardura postu bat eman ahal izan diogu emakume bati".
Zerrendaburu izateko pausoa eman zuenetik "oso babestu eta zaindua" sentitu dela aitortu du Garmendiak. "Prest eta ilusioz gainezka" dagoela azpimarratu du behin eta berriro, gure herriak behar duen "aldaketa sakon" horri aurre egiteko. "Indartsu gaude, talde bikaina dugu, programa prestatzen ari gara eta datorren guztiari aurre egingo diogu". Erronka nagusien artean, udaletxean eraginkorragoa izatea eta maiatzeko bozetan zerrenda bozkatuena izatea aipatu ditu. Garmendiaren aburuz, biak ala biak "ezinbestekoak" izango dira aipatutako eraldaketa hori gauzatu ahal izateko.
Gipuzkoan ere, 'Abante!'
Abante! leloa aukeratu du EH Bilduk datorren urteko maiatzeko hauteskundeetarako, esan bakarrik ez, aldaketa burutu egin nahi dutelako, krisiaren aurrean urratsak egin. Gipuzkoako ahaldungai izango den Maddalen Iriartek ideia hori bera adierazi du, lurralde horretan eragin eta egoera "errotik" aldatzeko nahia duela. Elikadura burujabetza, krisi energetikoa, mugikortasuna, industria, zaintza erdigunean jartzearen auzia, gazteak, etxebizitza, erabakitzeko eskubidea, kultura, euskara... Alor ugari izendatu ditu Mirentxun. "Aldunditik bertatik bultzatu beharko ditugu batzuk, eta esparru zabalagoa hartzen duten aferetan motorra izan gaitezkeela uste dut, eta izango gara".
Herriak, lurraldeak eta oro har Euskal Herria aldatzerako orduan, Iriartek garbi du herritar guztiek izango dutela zeregin eta zeresana: "Erakundeetan zuek ordezkatzen zaituztegunok bakarrik ez, den-denok lan egin behar dugu, bakoitzak bere esparrutik, egoera iraultzeko". Eraldaketa horren "sintometako bat" Osakidetzaren krisia eta Donostiako Erakunde Sanitario Integratuarekin (ESI) gertatzen ari dena da, Iriarteren irudiko. "Osasungintza publiko eta unibertsal indartsu bat behar dugu". Ahaldungaiak uste du EH Bildu gai dela Gipuzkoan irabazteko, eta "izugarrizko erronka" dela hori. Garmendia bezalatsu, indarrez eta ilusioz gainezka dago.
Moderatzaileak egindako galderak erantzuteko tartea eta gero, ikus-entzuleek euren kezka eta gogoetak partekatu dituzte hizlariekin. Ekitaldia amaitzeko, mokadutxo bat jan dute denek Mirentxun bertan.