Erriberri Hiriko III. Abesbatzen Topaketan parte hartu du Albokak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 29a, 12:32
Ezker-eskuin: hiru abesbatzetako zuzendariak eta David Azurza, emanaldi amaieran. Txalo ugari jaso zituzten. Argazkia: Alboka Abesbatza.

Abesti sakro eta gaur egungo melodiekin osatutako emanaldia egin zuen Alboka Abesbatzak Erriberrin, hilaren 19an, Coral Olitense eta Iruñeko Ganbera Abesbatzarekin batera egindako topaketetan. Lasarte-Oriako talde horretako kideek nabarmendu dutenez, "harrera ederra" izan zuten.

Santa Maria elizan abestu zuen Albokak, Erriberri Hiriko III. Abesbatzen Topaketan. Montse Latorreren zuzendaritzapean, abesti sakroak eta gaur egungo melodiak uztartzen dituen egitaraua eraman zuen Nafarroara: hasi Piotr Janezak-en Kyrie abestitik eta Javier Gonzalez Sarmientok moldatutako Lau teilatu edo La la land film ezagunaren City of stars kanturaino. Ikus-entzuleek gogotik egin zuten txalo emanaldia amaitzean.

Horren ostean, topaketan parte hartu zuten hiru abesbatzetako kideak eszenatokira igo, eta David Azurzaren Dantzantik lana estreinakoz oholtzaratu zuten. Erriberriko abesbatzako Javier Echarri Lopezek zuzendu zuen kantaldi hori. Azurza bertan zegoela baliatuta, berak konposatutako Birjina Maite obra zuzentzera igotzeko eskatu zioten abesbatzetako kideek. 

Erlazionatuak

Zaindariaren omenez abestu du Albokak

Txintxarri Aldizkaria 2022 aza 27 Kultura