Lehena argitaratu dute, azkena izateko asmoz

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 7a, 20:08

Azken Ostirala hilero-hilero antolatzen du Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordeak, euskal presoen gaia eta kartzelaratuta dituzten herritarren egoera plazaratzeko. Aurtengo dinamikei buelta bat eman, eta beste borroka nahiz ertz batzuekin lotu dute afera hori: tortura, dispertsioa, transfeminismoa, memoria... Lanketa aski txukunak egin dituztela iritzia, guztiak bildu eta lan kolektibo bat egin dute herriko zenbait sortzailerekin batera: fanzine bat, Azkenak!. Gaur aurkeztu dute jendaurrean, Agora tabernan. 

Lehen zenbakia argitaratu dute, azkena izateko esperantzarekin. "Azkena izateko bokazioz jaioa" da Azkenak! fanzinea, Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordeko lagunek herriko zenbait sortzailerekin elkarlanean ondu duten argitalpena. Aurten aurrera eraman dituzten Azken Ostiraleko lanketak bildu, eta artistei eskatu diete irudiz janzteko. Ione Zabala, Sara Etxeberria, Idoia Telleria, Isa Fernandez de Agirre eta Aitzol Iriondok egin dute hori. Testua eta ilustrazioak nahiz argazkiak Uxune Iparragirrek maketatu ditu. Egitasmo kolektibo horren emaitza, hogei orriko aldizkaria, Agora tabernan eskuratu dute aurkezpenera bertaratu diren herritarrek, borondatearen truke.

Aurkibidearekin eta hitzaurre batekin hasten da Azkenak!. Hurrengo orrietan, hilabete bakoitzeko Azken Ostiralean landutakoa: urtarrilean, tortura; otsailean, dispertsioa; martxoan, emakumea eta kartzela; apirilean, internazionalismoa; maiatzan, langile borroka; ekainean, transfeminismoa; eta irailean, memoria. Hitzezko lanketa, ezkerrean, eta hura janzten duen irudia zein argazkia, eskuinean. Orrialde zentraletan beste ataltxo bat gehitu dute, euskal presoen sakabanaketari buruzkoa. Aipamen berezia egin diete espetxeratuta jarraitzen duten hiru herritarrei: Aitzol Iriondo, Ibon Fernandez eta Jabi Gallaga. Hiruen egoera azaldu, eta euren kartzeletako helbideak jakinarazi dituzte. 

"Oso pozik" daudela azpimarratu dute presoen aldeko batzordeko kideek: "Espero baino jende gehiagok parte hartu du Azkenak! egiteko prozesuan: ilustratzaile, argazkilari, idazle, maketatzaile... Esker hitzak besterik ez ditugu". Fanzinean jaso dituzten ilustrazioekin erakusketatxo bat ireki dute Agora tabernan bertan, hilaren 16ra arte.

Fanzinean ikus daitezkeen ilustrazioekin erakusketa jarri dute Agora Tabernan, hilaren 16ra arte.

Enkante kolektiboa eta kontzertua

Fanzine bat argitaratzearena izan da batzordeak abendurako prestatu duen jarduera nagusietako bat, baina ez bakarra. Gaurko aurkezpena baliatu dute honakoa iragartzeko: aldizkariko ilustrazio eta beste zenbait produkturekin enkante kolektibo bat egingo dutela Tiburtzio Artizar tabernan, hilaren 16an, ostiralez, Tiburtzio Artizar tabernan, 19:00etatik aurrera. Aurreratu dute Iñaki Esparza presoak Lannemezango kartzelan (Frantzia) egindako gitarra bat jarriko dutela, besteak beste. "Enkanteari bultzada bat emango diolakoan, eskaintzak taldean egiteko eskatuko diegu partaideei: familian, kuadrillan...". Aurkezleak ez dira batzordeko kideak beraiek izango, Bea Egizabal eta Intza Alkain. "Gu baino martxa gehiago emango diote arratsaldeari", bota dute, umorez. 

Ordu eta erdi ingurukoa izango da enkantea. Horren ostean, eguna biribiltzeko, kontzertua emango du Eñaut Zubizarreta Trigger musikariak, 21:00ak aldera.

Aipatu jardueraren berri gehiago izan nahi dituenak, jarrai ditzala Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordearen Twitter kontua nahiz Telegram kanala

 

 

Erlazionatuak

Azken Ostiralak, plazatik fanzinera

Txintxarri Aldizkaria 2022 abe 02 Politika