102 ekarpen jaso ditu Lasarte-Oriako Etorkizuna Eraikiz kapsulak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 16a, 11:59
Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkatearekin bildu da, Etorkizuna Eraikiz kapsulan jasotako ekarpenak aztertu eta tokiko ekimen nagusiak ezagutzeko

Kirolarekin, mugikortasunarekin eta ingurumenarekin lotutako alderdiak daude Lasarte-Oriako Etorkizun Eraikiz kapsulak jasotako kezka nagusien artean. Hala jakinarazi dute Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Agustin Valdivia herriko alkateak. Iragan ekainaren 17an jarri zuten aipatu kapsula, eta bertan bildutako herritarren iritziak aztertu dituzte.

Lasarte-Oriako biztanleei galdetu zitzaien nola irudikatzen duten Gipuzkoa 2040an, ahaldun nagusiaren hitzetan ezinbestekoa baita gipuzkoarrei entzutea eta gizartearen beharrak, iritziak eta proposamenak jasotzea. Azpimarratu du, horretarako, Etorkizuna Eraikiz proiektua tresna eraginkorra izaten ari dela, eta dagoeneko 26 udalerritan eta unibertsitateko lau campusetan 4.000 ekarpen baino gehiago jaso direla. Horietatik 102 jaso ditu Lasarte-Orian, eta horien artean kirol-instalazioen hobekuntzarekin eta aniztasunarekin lotutako proposamenak nabarmendu dira, baita mugikortasuna eta natura zaintzea ere. Azpiegiturekin eta gazteriarekin lotutako alderdiak ere agertu dira eta gazteen aldeko politiken beharra ere nabarmendu dute herritarrek

Ekarpen horiek kontuan hartuz, alkateak nabarmendu du udalarentzat ere badakitela herriko kirol instalakuntzak berritzea "oso garrantzitsua" dela, eta hori hala izanik, gogoraratu du datozen urteetan egingo dituzten inbertsio gehienak arlo horretakoak izango direla.

2016az geroztik martxan

Olanoren esanetan, Etorkizuna Eraikiz programari esker, gobernatzeko modua eraldatzen ari da lurralde osoan. Gaineratu du Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko asmoz 2016an proiektu hori abian jarri zenetik,  herritarrek aurkeztutako 125 proiektu bultzatu dituztela. Halaber, jakinarazi du 32 proiektu esperimental daudela martxan eta bederatzi erreferentzia-zentro garatu dituztela erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko. Uste du ahalegin horretan, funtsezkoa dela udalerrien eta herritarren parte-hartzea bultzatzea: “Gainerako erakunde, enpresa, eragile sozial eta, oro har, herritarren parte-hartzeak indar handia ematen dio gobernantza eredu berri horri. Guztion ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoak dira etorkizuna eraikitzeko”. 

Erlazionatuak