Etorkizuna Eraikiz kapsula Lasarte-Orian dago gaur

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 17a, 13:00
Eider Mendoza Gobernantza diputatua eta alkate Agustin Valdivia, kapsularen aurrean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrek etorkizunaren inguruan dituzten ekarpenak jasotzeko asmoz Etorkizuna Eraikiz Kapsula ekimena du abian. Gaur kapsula Lasarte-Oriako Okendo plazara iritsi da; Eider Mendoza Gobernantza diputatuak eta alkate Agustin Valdiviak bisitatu dute

Etorkizuna Eraikiz Kapsularen nondik norakoak azaldu dizkio diputatuak alkateari. "Gipuzkoaren etorkizuna denon artean diseinatu behar da elkarlan baten bidez; guztiok amesten dugun lurraldea eraiki behar dugu, eta horregatik sustatzen dugu dinamika parte-hartzailea," adierazi du Mendozak.

Kapsulak egungo egoeraren berri eman die herritarrei eta euren hausnarketak, kezkak eta ekarpenak jasotzeko lekua ere badu. "Lasarte-Oriako biztanleek garrantzia zeri ematen dioten jakiteko lagungarri dugu, horretarako Gipuzkoa 2040an nolakoa imajinatzen duten galdetzen diegu", gogoratu du diputatuak.

Herritar guztiei zuzendutako ekimena da, hala ere, gazteengan interes berezia du. Horregatik, herriko ikastetxeetako ikasleak ere gerturatuko dira plazara.

Alkate Agustin Valdiviak "Udalari Aldundia Lasarte-Oriako herritarrengana hurbiltzea eta kezkak bertatik ezagutzea interesgarria iruditzen" zaiola adierazi du.

Etorkizun Eraikiz egitsmoa

Aldundiko ordezkari Mendozak azaldu duenez, fase ibiltaria amaitzean, ekarpenak aztertu eta Etorkizuna Eraikiz egitasmoan txertatuko dituzte. Proiektu horren helburua herritarren parte-hartzearen bidez eta erakundeen lankidetzaren bidez, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei eta beharrei erantzutea da.

"Gipuzkoa oso azkar ari aldatzen, etengabeko aldaketa prozesu baten aurrean gaude eta garai berrietara eta gizartearen behar berrietara egokitu behar dugu; horretarako beharrezkoa da hainbat eragileren lankidetza, hla nola enpresa publiko-pribatuena, erakundeena, elkarteena... bai eta gizartearen parte-hartzea ere," nabarmendu du Gobernantza diputatuak.