Buruntza

Jexux Artetxe 2022ko aza. 11a, 08:34

Jakina denez, gure herrian badago tradizio ukatzaile bat, edozein gauzaren aurreko aurkaritzan erosoago agertzen dena jarrera ekarkor eta konstruktiboetan baino. Desegintzan askoz trebeagoa izan baita egintzan baino. Ez da denbora asko garai bateko ezker abertzaleko buruzagietako batek goraipatu duela "ezetza", azken 60 urteetako euskal gertakizun inportanteenen ezaugarria bailitzan. Bere esanetara, ezker abertzaleak emandako "ezetz" horietan dago "katoia", Euskal Herriaren alde jokatu nahi dugun guztiok jarraitu behar omen duguna. Baina, gehienok oso gogoan dugu zeinen zorigaiztokoa gertatu zitzaigun aipatu katoiaren ezarpena. Hemen, "ezetza" indarkeriaz bideratu da, gorrotoa eta heriotza ekarriz.

Garai batean, ezaren gudaz baietza sortzeko ilusioa zuten gazte batzuek. Dena dela, baziren amets handi hark ekar zezakeen tragediaz berehala jabetu zirenak. Larrutik ordaindu dugu ondoren gertatu den izugarrikeria. Alabaina, ez dira gutxi luzaroan ukazioaren kiribiletik ezin ateraz aritu direnak. Lehen esan bezala, minaren eta sufrimenduaren balantze larria utziz.

Ezaren gudatik ezin dela baietzik eraiki argi ikus daiteke Buruntzan. Gurutzea bota dute, eta han bertan dago eroria. Ezetzaren zaleen plana, ordea, aurkariaren eraispenean amaitzen da. Ez dira gauza izan eraikitzeko. Egindako birrinketa ezintasun horren adierazle argia da. Eskerrak baietzaren aldekoak ere badirela gure bailaran. Gurutze bakarra zegoen tokian, orain bigurutzedun ikurrina zutitu dute herri honek antsiatzen duen baietzaren sinbolo gisa.