ESKUALDEA

Larunbatean Arkaitzerrekara egingo duten ibilbide gidatuan parte hartzera deitu ditu herritarrak Aire Garbia plataformak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 9a, 10:45
2020ko maiatzean ehunka arrain eta aingira hilda agertu ziren Arkaitzerrekan, erraustegitik isuritako amonioaren eraginez.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak antolatuta, Usurbildik nahiz Zubietatik zutabe bana abiatuko da Arkaitzerrekara, errioaren egoera zein den ikustera. Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak dei egin die herritarrei zubietarren zutabearekin bat egiteko. 10:30ean abiatuko dira, Zubietako plazatik. 

Zubietako erraustegiaren azpitik igarotzen da Arkaitzerreka. Azpiegitura horrek isurtzen dituen jarioen ondorioz (amonioa eta kloruroak, besteak beste), 2020ko maiatzean hainbat arrain eta aingiria hilik azaldu ziren errio horren uretan, eta aurtengo uztailetik "apartsu eta gorritsu" dagoela jakinarazi du Usurbilgo Noaua aldizkariak. Gipuzkoako Fiskaltzak ikerketa bat ireki zuen uztailaren 14an errekasto horretan gertatzen dena argitzeko, GuraSOS plataformak jakinarazi zuenez. Orduko horretan gezurtatu egin zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) erraustegitik isuritakoek Arkaitzerreka kutsatu izana.

Erreka horretan gertatutakoa oraindik argitu ez denean, Noaua-k berak urriaren 28an aurreratu zuenez, GHK-k baimena eskatu dio Ura agentziari ponpaketa sistema bat eraikitzeko Arkaitzerrekan, erraustegitik jaisten diren urak saneamendu sistemarekin konektatzeko. GuraSOSek salatu du Monpaseko hustubidetik irtengo liratekeela ur horiek, Donostiako Zurriola hondartzaren ingurura, "dioxina eta beste osagai kutsakorren arazketarik gabe, Loiolako Hondakin Uren Araztegian (HUA) ezarritako sistema ez delako egokia hori egiteko". 

Horren guztiaren aurrean, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ibilaldi bat antolatu du Arkaitzerrekara, larunbat honetan. Zubietatik zein Usurbildik zutabe bana abiatuko dira 10:30ean, Zubietako plazatik eta Usurbilgo Mikel Laboa plazatik, hurrenez hurren. Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak bat egin du ekimen horrekin, eta dei egin die herritarrei Zubietako zutabearekin bat egiteko. 

GuraSOSen mobilizazioa Donostian

Arkaitzerrekan gertatzen ari direnak deitoratzeko asmoz, GuraSOSek mobilizatzera deitu ditu herritarrak hilaren 27an, igandez, Donostian, 12:00etatik aurrera. Kursaaletik abiatu, eta Zurriolako hondartzan amaituko da. Leloa Orain Bai, gelditu! Diálogo Solución izango da, eta asmo nagusietako bat izango da enegarrenez eskatzea Zubietako erraustegia geratzeko.