"Hunkigarria izan da aitortza, eskertzekoa"

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 4a, 09:00
Ezker-eskuin: Imanol Bardaji, Joxean Alberdi, Roberto Rebe eta Gabi Valin, igandeko krosa aurretik, 1 zenbakidun dortsala soinean.

IMANOL BARDAJI ETA JOXEAN ALBERDI - KROSAREN SORTZAILEETAKO BI

Lasarte-Oria Bai! krosaren lehen hondar aleak jarri zituzten lau herritarrak omendu ditu antolakuntzak aurten. Haietako birekin elkartu da TXINTXARRI, bizitakoaz hitz egiteko.

Gaur egun oso errotuta dagoen Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia sortu zuten Imanol Bardaji, Joxean Alberdi, Roberto Rebe eta Gabi Valin herritarrek. 1996an egin zuten lehen aldiz, bilera eta lanordu ugariren ostean. Horregatik, aitortza hunkigarria jaso zuten urriaren 30ean, kirol proba horren 25. aldia hasi aurretik. Lauen izenean hitz egin dute Bardaji eta Alberdik TXINTXARRI-rekin, luze eta zabal: omenaldian bizitakoa, hastapenak eta beste gai asko izan dituzte mintzagai.

Has gaitezen krosaren egunean jaso zenuten aitortzarekin. Nola bizitu zenuten une berezi hori?  

Imanol Bardaji: Hunkigarria eta eskertzekoa, bizi artean gogoratuko dugu igandeko eguna. Seme-alabek agurra dantzatu zutenekoa sorpresa ederra izan zen.

Joxean Alberdi: Beste konpromiso bat nuen igandean, eta ez nekien egon ahalko nuen edo ez, baina azkenean bai, eta eskerrak joan nintzela! Oso polita izan zen.

Egin ditzagun ia hiru hamarkada atzera, krosaren sorrerara. Noiz hasi zineten antolaketa lanetan? 

I. B.: 1994an hasi ginen hitz egiten, baina gero hoztu egin zen kontua. Hurrengo urtean berrekin genion, eta lehen krosa 1996an egin genuen.
Sortzaile izan zinetenak elkar ezagutzen zenuten lehenagotik? 

J. A.: Garai horretan kuadrilla mordo bat elkartzen ginen korrika egiteko, igandero-igandero, Hipodromoan. Goiz horietako batean hasi nintzen hitz egiten Imanolekin [Bardaji], Robertorekin [Rebe]... 'Aizue, zergatik ez dugu lasterketa herrikoi bat antolatzen hemen, gure herrian?'. Beti izan naiz saltseroa horrelakoetarako.

I. B.: Lauak gara lasarteoriatarrak. Gabi [Valin] eta biok Ostadarren geunden ordurako. Gutako bakoitzak bere arlotik egin zituen ekarpenak krosa antolatu ahal izateko. Fortuna-rengana jotzea erabaki genuen, Behobia-Donostia lasterketa antolatzen zuen elkartearengana. Izan ere, nork erakutsiko zigun horrelako kirol proba bat antolatzen haiek baino hobeto? Esperientziarik ez genuen, baina azkar ikasi genuen.

Komeria asko izan zenituzten 1996ko krosa antolatzerakoan? 

I. B.: Guretzat bakarrik ez, herri osoarentzat astindu ederra izan zen, gauza asko izan behar genituen kontrolpean, eta berria zen denontzat. Nire ustez, zailena baimenak lortzea eta lasterketaren egunean bidegurutzeak kontrolatzea zen. Autoen erabilera oso zabalduta dago eta jendeak ez zuen pazientziarik; gaur egun, nire ustez, are gutxiago.

Zer-nolako harrera egin zioten krosari lasarteoriatarrek? 

J. A.: Sekulakoa. Sariak-eta banatzen genituen, baina dirurik ez; hala ere, hasiera-hasieratik maila handiko korrikalariak etorri ziren. Bi aste geroago jokatzen den Behobia-Donostia prestatzeko test garrantzitsu bat izan da beti.

I. B.: Propio erabaki genuen urriko azken igandean antolatzea. 1996an libre zegoen data hori, eta ez genuen sinesten; aprobetxatu egin genuen. Urteen poderioz, beste lasterketa batzuk egiten hasi dira gurearen egun berean.

J. A.: Gogoratzen dut Euskararen Maratoiarekin bat egin zuela 1996koak; egitarauaren barruan sartu genuen. 

I. B.: Hala da, bai. Gero, ikusi genuen hobe zela halako bi ekitaldi batera ez egitea, eta Maratoia aurreratzea adostu genuen. Gure herriarentzat sekulakoak dira bi egitasmoak.

Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia kirol proba bat baino gehiago da?

I. B.: Bai. Gaur egun asko entzuten ditugun 0 Kilometroa bezalako kontzeptuak hasieratik aldarrikatu izan ditugu, beti bultzatu izan dugulako herriko komertzio eta tabernetan kontsumitzea. Horrez gain, birziklapena sustatzeko akordio bat egin genuen San Marko mankomunitatearekin, eta Euskotrenekin beste bat, krosa egitera etortzen ziren lasterkariek trena doan har zezaten.

J.A.: Niretzat izugarria izan zen desberdina zen horrenbeste jende elkartzea hasieratik, edozertan laguntzeko prest zeudenak. Hori ez da gertatzen normalean. Gainera, berezia da gure herriko krosa, herrikoia. Lehenengo urtean, ibilbidea prestatu genuen lasterketa herriko auzo guztietatik igarotzeko. Horrez gain, beti izan da egun osoko plan bat: kirola egin eta gero, elkarrekin bazkaldu eta horrelakoak egitekoa.

Antolatzaile izan zinetenok korrika egin zenuten egun horretan?

J. A.: Robertok eta nik, bai. Gogoan dut ilusio handiz atera nintzela, oraindik etxean gordetzen dudan kamiseta bat soinean. Sekulakoa zen niretzat horrelako kros batean parte hartzea, nire herrian. Irabaztea nuen amets, profeta en mi tierra izatea, baina bai zera (barreak)! Nibel askoko jendea etorri izan da beti.

I. B.: Bitxikeria bat kontatuko dizut. Bileretan beti galdetzen genion elkarri ea zenbat parte hartzaile etorriko ote ziren, 400-500 aurreikusi genituen, baina badaezpada ere 700 dortsal eskatu. Lasterketaren egunean, beldurra ematen zidan Okendo plazara joate hutsak, hori zen jendetza! Azkenean 686 pertsonak eman zuten izena, hamalau dortsal besterik ez ziren soberan geratu.

Zenbat urtez antolatu zenuten krosa  lekukoa eman aurretik?

I. B.: Hamar urtez. Pentsa, oraingo taldeak hamabost daramatza, aipatzekoa da, aitortza guk jaso dugun arren. Lehen urratsak egin genituen guk.

J. A.: Boluntarioak ere oso garrantzitsuak dira, 25 edizioetan leku berean lan berbera egiten. Bila joan beharrean, haiek esan izan dute 'aizue, gu lanerako prest'.

I. B.: Eta noski, ezin gure familietaz ahaztu. Krosa antolatzen sartu genuen ordu horiek guztiak haiekin bizi gabe geratu dira. Gainera, behar genuen edozertan lagundu izan digute beti.

Erlazionatuak

Mende laurden, 25 argazkitan

Txintxarri Aldizkaria 2022 urr 28 Kirola