Maratoitik...krosera!

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urr. 28a, 10:00

Hiru urtez atzeratu behar izan du Ostadar SKTk Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia koronabirusaren ondorioz. Badator, ordea. Igande honetan, hilaren 29an ospatuko dute kirol proba. Ibilbide aldaketa dakar aurtengoak, eta zenbait jarduera berezi ere bai. Hona hemen antolatzaileek jakinarazitako zenbait ohar. 

Udazken girokoa beharko luke urriak, baina, erabat bestelakoa izaten ari gara hilabeteotan. Urte saio honetarako tenperatura altuak izan ditugu, eta astebururako iragarpenek ere bide beretik jotzen dute.  

Irteera puntu berria izango du aurtengo probak. Geltoki kalean egiten ari diren lanak medio, moldaketa batzuk egin behar izan dituzte ibilbidean. Horrela, ohiko irteera puntua Frutas Ruiz paretik egiten zen, baina aipatu obrak direla-eta, metro batzuk aurreratu behar izan dute hasiera arkua eta Ostadar SKTren egoitza ondoan hasiko da lasterketa. Aldaketa horrekin galtzen diren metroak, berriz, Txartel pareko industriagunera sartuta berreskuratuko dira.

Txistulari eta dantzariek agurra jo eta dantzatuko diete omenduei (Ostadar SKTren sortzaileak izango dira) eta 10:28an patinatzaileak aterako dira; jarraian, korrikalariak, eta azkenik, ipar martxako lehiakideak.

Zenbait gomendio ere eman dituzte antolatzaileek, hala nola, egunean bertan autorik ez erabiltzea. Halere, erabili beste erremediorik ez dutenentzako honako jakinarazpenak helarazi dituzte. Michelingo sarrera-irteera eta Geltoki kalea 10:00etatik 14:00etara itxita egongo dira, eta Erdigunea, Pablo Mutiozabal, Juan de Garay, Iñigo de Loiola eta Pintore kaleek Geltoki kaletik irteera moztuta izango dute goiz osoan zehar. Urbil merkatalguneko biribilgunetik irteteko aukera izango da, 10:50etik aurrera.

Hala, Atsobakar, Sasoeta, Buenos Aires, Zumaburu, Kotxeras eta Oria eta Zubieta ere 10:20etatik 11:30 ingurura itxita egongo dira, eta Galp gasolindegiko biribilgunea ere bai (10:40tik, 11:10 bitarte). Hipodromo zubia, Zubietara bidean 11:30ak arte ere ezingo da erabili. Txikierdi ere antzeko; herrira edo Zubietara doazen ibilgailuentzako itxita egongo da 10:00etatik 14:00etara, eta Michelin lantegira doazen kamioientzat ere bai, 10:00etatik 12:30era.

Erlazionatuak

Badator Lasarte-Oria Bai! 25. Kros Herrikoia

Txintxarri Aldizkaria 2022 urr 26 Kirola