Agustin Valdivia alkateak eta Kirol zinegotzi Txus Alonsok hartu dute hitza agerraldiari hasiera emateko, eta azpimarratu, herrian antolatzen diren jarduera "arrakastatsuenetarikoa" dela krosa. Kirol jarduera bat izanagatik ere, herriaren ekonomian duen inpaktua ere nabarmendu dute: "Lasarteoriatarrentzat hitzordu garrantzitsua da; kirol proban parte hartzeaz gain, herrian sekulako giroa sortzen da, eta horrek ere eragin zuzen du herriko establezimenduengan".
Aurtengo diru laguntza "berezia" izango dela ere jakinarazi dute. Soziekonomia batzordeak 5.100 eurorekin lagunduko du aurtengo edizioa, eta, horrekin batera, produktu ezberdinez betetako 2.000 poltsa ere emango dizkie. Ostadar SKT-ko ordezkariei hitza eman aurretik, zoriondu egin dute kirol taldea urteurrenagatik.
Aitor Azkonobieta eta Bego Toquero Ostadar SKT-ko ordezkariek hitz egin dute gero. Eskerrak eman dizkiote udalari edizio berezi honetarako diru laguntza berezia emateagatik. Azpimarratu dute Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiak bi oinarri dituela; kirol proba batetik, eta herriko ekonomia sustatzea bestetik. "Gure apustua Lasarte-Oriaren aldekoa da, herriarekin eta herriarentzat egitea da". Horrela, aurten ez dute dominarik ez gisa horretako bestelako garaikurrik banatuko, herriko komertzioetan erabiltzeko erosketa txartelak baizik. Urteurrena ospatzeko ekitaldi ezberdinak iragarri dituzte. Hala nola, txistulariak eta txaranga ibiliko dira herriko kaleak alaitzen, eta, trikipoteoa ere antolatu dute.
Hainbat datu ere ezagutarazi dituzte prentsaurrekoan; besteak beste, 1.100 parte hartzaile inguru espero dituztela, eta, urtero, izen ematen duten kirolari guztien artean %50a herritarrak izaten direla.
Korrika festa ere ez dute bazter utzi. Krosa amaitu eta gero izango da, eta, orotara 25 lasterketa izango dira. Bertan parte hartuko duten gaztetxoek dominak jasoko dituzte sari gisa.
Izen ematea zabalik
Kirol proban parte hartu nahi dutenek badute, oraindik, izena emateko aukera. Aurrez aurre egin nahi dutenek Manuel Lekuona Kultur Etxera joan beharko dute ostiralera arte (17:00etatik 20:00etara) eta larunbatean, berriz, Michelin kirol gunera 11:00etatik 12:00etara edo 17:00etatik 19:30era. Aldiz, inskripzioa sarean egiteko aukera ere eskaintzen du kirol taldeak. Horretarako hona helbide hau erabil daiteke: https://www.sailkapenak.com/es/evento/xxv-lasarte-oria-bai-kros-herrikoia-2022