Joseba Sarrionandiarekin hizketan hasi du ikasturtea irakurle txokoak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 20a

Herritar ugari elkartu ziren atzo arratsaldean Antonio Mercero gunean. Argazkia: Lasarte-Oriako Irakurle Txokoa.

Lasarte-Oriako Irakurle Txokoko lagunek ikasturte berriari ekin diote. Joseba Sarrionandia idazle bizkaitarra izan da lehen gonbidatua: 'Bizitza ez al da oso arriskutsua?' saiakerari buruz mintzatu dira Antonio Mercero guneko hitzaldi aretoan. Azken kurtsoetan bezala, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak dinamizatu du saioa. Dinamika ere ez dute aldatu: hilean behin elkartuko dira taldeko kideak, aurrez adostutako lanei buruz solasteko. Azaroko eta abenduko saioak lotuta dituzte: datorren hilabetean Eider Rodriguez egilea etorriko da, Eraikuntzarako materiala eleberriari buruz hitz egitera, eta urtea amaitzeko, Daniele Sarriugartek berriki euskaratu duen Luisa Carnes idazlearen Hamahiru ipuin jorratuko dute.

Etzi, hilaren 22an hasiko den Euskararen 10. Maratoialdiko Sentitu fasean ere parte hartuko du irakurle txokoak. 09:05etik aurrera, gosari literarioa egingo dute hainbat gonbidatu berezirekin: Harkaitz Cano, Idoia Garzes, Iñaki Petxarroman, Martin Anso, Ane Labaka, Joseba Tapia eta Pablo Barrio. Bea Egizabal, Intza Alkain eta Ixiar Rozasek ere parte hartuko dute, bideoz. Aintzane Usandizaga herritarrak dinamizatuko du jarduera.