Alaine Agirre: "Ilusioz eta elkarlanean egingo dugu irakurle gazteen talde bat sortzeko saiakera"

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 25a

Argazkia: Alaine Agirre.

ALAINE AGIRRE - IDAZLEA ETA IRAKURLE TALDEEN DINAMIZATZAILEA

Udal Liburutegiak makina bat jarduera antolatu ditu udazken honetarako, horien artean, Alaine Agirrek (Bermeo, Bizkaia, 1990) datorren asteko ostegunean emango duen solasaldia, hilak 27, kultur etxeko hitzaldi aretoan, 18:30ean. Idazle bizkaitarrak ekimenaren nondik norakoak azaldu dizkio TXINTXARRI-ri.

Zeri buruz hitz egingo duzu hilaren 27an Udal Liburutegian? 

Ikasturte hasieran, Lasarte-Oriako Udalari proposatu nion irakurle talde bat sortzea Lasarte-Orian, 14 eta 18 urte bitartekoentzat.  Gustatu zitzaion ideia udalari, eta hortxe gabiltza... Saiatuko gara jendea erakartzen, nahiz eta jakin irakurtzeko zaletasuna minoritarioa dela gaur egun. Gainera, gutxitua eta zapaldua dagoen hizkuntza baten markoaren barruan ari gara. Proposamena gazteei zuzendutakoa izanik, baliteke haiengana iristea zailagoa izatea, kontuan izanda ikus-entzunezko adierazpenek indar gehiago-edo izan dezaketela liburuek baino. Hori guztia esanda, ilusioz eta elkarlanean egingo dugu saiakera. 

Nola erakarri 14 eta 18 urte arteko herritarrak egitasmora? 

Gure asmoa da gazteek ikustea bidea ez dela derrigortasuna edo exijentzia. Plazeretik hurbildu behar dugu literaturara, horretan sinesten dut. Zaletasuna ezingo da inoiz piztu obligaziotik, antitetikoak dira bi kontzeptuak, kontrakoak. Hasieran oso garrantzitsua da norberaren gustuen arabera irakurtzea, literaturarekiko elektrizitate edo magia hori sortu arte. Gero, zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta errazagoa izango zaio irakurleari kontzeptuak barneratzea, ideiak elkarrekin lotzea, hausnartzea, literaturaren barne arau inplizituak ulertzea, eta abar.

Hori guztia ez dut nik soilik esaten, literaturaren eta irakurzaletasunaren gainean ikertzen duten adituek ere hala ikusten dute. Ni neu, adibidez, horri buruz ikasten nabil: Magisteritza egiten ari naiz, azken urtea dut aurtengoa eta Euskara eta Literatura ikasgaia hautatu dut. Jorratzen ari gara, besteak beste, haurraren eta literaturaren arteko zubi izateko moduak.

"Gazteek ez dute irakurtzen". Bat egiten duzu esaldi horrekin?

Badago epai moduko bat horri buruz, gazteek ez dutela irakurtzen. Esaldi hori esaten da, baina 'Helduek ez dute irakurtzen' ez dugu aipatzen, eta hori ez da bestea baino gezurragoa. Oro har gero eta gutxiago irakurtzen dugu. Uste dugu goitik beherako norabide horretan gazteei esan diezaiekegula zer egin dezaketen eta zer ez. Gaia edozein izanda ere, nik ez dut horretan sinesten, zer esanik ez literaturan. 

Nekez transmitituko diegu irakurtzeko pasioa belaunaldi berriei guraso, irakasle eta oro har gizarteak ez badu sentitzen. Lehen esan dudan moduan, zaletasuna inoiz ezingo dugu piztu derrigortasunetik edo exijentziatik.

Irakurle gazteen taldeak dinamizatzen dituzu beste herri batzuetan? 

Zortzi edo bederatzi bat urte daramatzat ikastetxetara joaten, Euskal Idazleen Elkartearen eskutik. Konturatu naiz izugarri gustatzen zaidala gazteekin aritzea, literaturarekiko sentitzen dudan pasioa niregandik atera eta beste pertsona batzuengana bideratzea. Hasieran Lehen Hezkuntzako ikasleekin aritu nintzen batez ere, eta geroago eman nuen jauzia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara. Nerabe horiengana iristeko beste kode eta bide batzuk daude, baina hori ere atsegin dut. Ormaiztegin aritu nintzen iaz eta izugarria izan zen kideak horrelako gose eta gogoz ikustea.

Lasarte-Orian egitasmoa martxan jarriz gero, zer landuko zenukete?

Gazte literaturan argitaratuta dauzkadan lau liburuak [Maren, Libe, Oier eta Ane] lantzen hasiko ginateke, betiere haiek nahi badute. Datorren asteko aurkezpen solasaldian haiei buruz hitz egingo dut, eta adin tarte horrentzat idazteari buruz zein taldeak dinamizatzearen gainean dudan ikuspuntuaz ere bai.

Proiektua martxan jarriko bagenu, dinamizazio lana egingo nuke baina bidea ez nuke nik markatuko: kideei galdetuko nieke zer lan landu nahiko luketen, zer interesaten zaien, zein autorerekiko duten jakin-mina... Hasieran, gakoa partaideak tanteatzea da, haien zaletasun eta kezkak ezagutzea, eta nire lau liburu horiekin hasteak denbora eman ohi dit horretarako. Noski, bidea elkarrekin egitea da asmoa, taldekideen beharretara egokituta.

Irakurketa bakarka egin ohi dugun ariketa da. Zer ematen dio irakurleari liburu bat amaitu ostean duen iritzia talderatzeak? 
Liburu bat irakurri eta gainerako partaideekin elkartzera zoazenean, bakarka egin duzun interpretazio eta bizipenak daramatzazu patrikan. Saioaren ostean, etxera bueltan are beteago eramaten duzu sakela, zure irakurketa ondokoekin partekatu duzulako. Esperientzia oso ederra da, ez bakarrik literarioki, baita ere pertsonalki: gizarte honetan ez dugu aukera askorik azaletik hondoranzko bidaia egiteko, ur sakon horietan sartzeko. Horrelako ekimenek aukera aparta ematen digute horretarako, eta are gehiago, familia edo kuadrillak bezalako sistema txiki horietan dugun roletatik atera eta askeago, libreago hitz egiteko. Zaletasun hori elikatzean motibazioa areagotu egiten da eta bihurtzen da autozaintzarako mekanismo: talde bateko kide batek esan zidan irakurtzen jartzen zen une hori berea zela. Irakurketa momentuei buruzko gogoetak ere interesatzen zaizkit, taldeetan hasi gara horiei buruz hizketan.