Jakinarazi dute Manuel Lekuona Kultur Etxeko hirugarren solairuan egingo dituztela ekitaldi guztiak, euskaraz, eta parte hartu nahi dutenek ez dutela aurrez izena eman beharrik izango.
Kontu Kantoiko lagunek irekiko dute egitaraua datorren asteko asteazkenean, hilak 26. 3-5 urte arteko haurren irudimena dantzan jarriko dute ipuinen bidez, 17:30etik aurrera. Beste saio bat egingo dute abenduaren 14an, toki eta ordu berean. Alaine Agirre idazle bizkaitarrak aurkezpen solasaldi bat emango du hitzaldi aretoan hilaren 27an, 14 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta, adin horretako irakurle talde bat sortzeko helburuz. 19:00etan hasiko da. Bihar argitaratuko du TXINTXARRI-k Agirreri egindako elkarrizketa.
Azaroaren 14tik 18ra Hizki Hazka areto literarioa izango dute. Intza Alkain herritarraren laguntzaz, Landaberriko LH 1 eta 2 mailetako haurrek alfabetoa landuko dute. 29an, berriz, 6 eta 8 urte artekoek genero berdintasuna jorratuko dute Mari Garcia Laderorekin, 17:30ean.