ESKUALDEA

Ikurrina bat jarri dute Buruntza mendian, duela gutxira arte gurutzea zegoen tokian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urr. 19a, 18:08

Buruntza mendira igotzen direnek metalezko egitura bat ikusiko dute orain dela gutxira arte gurutzea zegoen tokian: ikurrina bat (metalikoa hori ere), zutabe zuri baten gainean. Naiz.eus hedabideak zabaldu duenez, Andoaingo "gazte abertzale talde batek" bere egin du ekimena.

Iazko abenduan eraitsi zuen Buruntza mendiko gurutze frankista Ernai gazte antolakundeak, "herri honek jasandako zapalkuntza baten aldarri eta inposizioaren isla" ezabatzeko asmoz. "Garrantzitsua iruditzen zaigu ikur faxista horiei dagokien esanahia ematea eta ezabatzea, zapalkuntzarik gabeko herri baten alde. Ikusten dugu gaur egun zilegi dela faxismoari gorazarre egitea, Buruntzan bezalaxe, Euskal Herri osoan hainbat ikur frankista zutik daudelako oraindik". Buruntzaren Andoaingo eremuan ez ezik, Lemoa, Olarizu, Barakaldo eta Ondarroan ere antzeko ekintzak aurrera eraman dituzte.

Ikurrina noiz jarria izan den ikus daiteke egituraren oinarrian.

 

Ekintza horren harira, Lasarte-Oriako zenbait eragile eta alderdik iritzia eman dute azken asteetan. Esate baterako, 1936ko altxamendu militarrean eta ondorengo urteetan gure herrian gertatu zena berreskuratu eta azaleratzeko lanean ari den Islada Ezkutatuak taldeak. Gutuna bidali dute txintxarri-ko erredakziora.Gogoratu dute kolpistek 1936ko abuztuaren 30ean inbaditu zutela Oria bailara. "Gehienak nafar erreketeak ziren; San Roke baseliza menderatu ostean, Buruntza mendiaren lehen lepoa konkistatu zuten, Andoaindik gertu zegoena; eta 24 ordu gehiago behar izan zituzten gainerakoa kontrolatzeko, Azkorteko ermita zaharreraino".   

Gurutzearen helburua "erregimen hori sortzen lagundu zutenak gorestea" zen, taldearen aburuz. "Askori, erraz ahazten zaie zergatia: jatorria alde batera utzita, sinbolo bihurtu dela diote". Horren aurrean, abenduaren 26ko 52/2007 Memoriaren Legea oinarri hartuta, kritikatu du "sinbolo hori kentzeko eskumena duen administrazioak" ez duela altxamendu militarra eta diktaduraren errepresioa gogoratzen dituen gurutze hori kentzeko urratsik egin. "Gure ustez, sinboloak zenbateko iraupena izan duen ikusita, kanpaina pedagogiko bat egin behar zen haren jatorriaren eta esanahiaren ezagutza bere osotasunean zabaltzeko".

Adierazpen bateratua

Lasarte-Oriako EAJ-PNV, Elkarrekin Lasarte-Oria Puede eta PSE-EEk adierazpen bateratua argitaratu zuten. "Jatorri frankista izan arren, eskualdean bizi direnentzat ikur esanguratsua bilakatu da; gertaera errespetu falta izan da gaur egun gurutzeari beste esanahi bat eman dioten pertsonekiko. Gure ustez, bere garaian faxistek eraiki arren, lasarteoriatarrek onartu egin dute monumentua, esanahi berria emanez, eta kolpistek haien garaipena gogoratzeko asmotik aldenduz". Komunikatua idatzi dutenen aburuz, Ernaik gurutze hori "alde bakarreko erabaki baten ondoren" eraitsi izana "errespetu falta" da. "Andoaingo Udalak monumentu horri beste esanahi bat eman ahal zion, Errepublikaren eta giza eskubideen erasotzaile faxistek nahi zutenaren guztiz aurkakoa, hain zuzen".