Irakurle txokoak gaur ekingo dio ikasturteari

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urriaren 19a

Joseba Sarrionandia idazlea. Argazkia: 'Anboto' aldizkaria.

Lasarte-Oriako Irakurle Txokoak gaur egingo du ikasturteko lehen saioa, 19:00etan, Antonio Mercero gunean. Joseba Sarrionandia idazlea gonbidatuko du, Bizitza ez al da oso arriskutsua? liburuaz hitz egitera.

Hastear den Euskararen 10. Maratoialdian parte hartuko du taldeak. Larunbat goizean, 09:05ean, gosari literarioa egingo du, herriko hainbat sortzaile gonbidatuta: Pablo Barrio, Martin Anso, Idoia Garzes, Harkaitz Cano, Ane Labaka, Iñaki Petxarroman, Joseba Tapia, Ixiar Rozas, Bea Egizabal eta Intza Alkain (azken hiruek ezingo dute bertan izan, eta bideo bidez parte hartuko dute). Antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte Okendo plazara joan eta ekimenean parte hartzera. "Mahai handi baten bueltan" ariko dira, oholtza nagusiaren azpian.

Azaro eta abenduko saioak, lotuta

Azken kurtsoetan bezala, aurten ere Uxue Alberdik dinamizatuko du irakurle txokoa. Hilean behin elkartuko dira, aurrez adostutako liburuen gainean hitz egiteko, ahal den guztietan idazleekin batera. Azaroan, adibidez, Eider Rodriguez etorriko da, Eraikuntzarako materiala eleberriaz hitz egitera, eta abenduan, Danele Sarriugartek euskaratu berri duen Hamahiru ipuin lanaz jardungo dira.