Ostadar Boleibola saila erronka berriari aurre egiteko prest

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urr. 14a, 10:45

Talde bat izatetik zazpira igaro da Ostadar Boleibola atala.

Ostadar Boleibola atalak hiru urte daramatza lanean. Talde bakarra izatetik zazpira igaro da denbora tarte horretan. Euskal Ligatik Gipuzkoako Infantil Mailara, lehiaketa ezberdinetan parte hartuko dute kirol elkarte urdin-beltzeko kideek aurten.

Ostadar Boleibola saileko kideek denboraldi berriari "ilusioz beteta" aurre egingo diote; zazpi talde izango dituzte lehian. Leire Vega ataleko koordinatzailearekin solasean "ezusteko ederra" eraman dutela onartu du: "2019an senior taldearekin hasi ginenean ez genuen espero hain azkar haztea. Zazpi talde genituela aurreikusi genuenean, guztia egiteko zegoen eta saileko kideak prestu agertu ziren laguntzeko. Horri esker, aurrera eraman ahal izan dugu erronka".

Iaz hiru mailatan lehiatu zen Ostadar: Euskal Liga senior kategorian eta Gipuzkoako mailako Jubenil eta Kadete Mailan. Horiek mantendu eta kategoria berrietan izango da aurten Lasarte-Oriako kirol elkartea. Euskal Ligan beste ordezkari bat izango dute urdin-beltzek, mutilen taldea. Gipuzkoa mailan, berriz, kadete mailako bigarren taldea sortu da eta infantil mailan ere bi osatu dituzte.

Hil honetan zehar jokatuko dituzte guztiek lehen jardunaldiak. Senior mutilen taldeak dagoeneko  egin du debuta (ikus zatidura). Hilaren 15ean Euskal Ligako senior 2. maila hasiko da, baita Gipuzkoako Jubenil mailako lehen fasea ere;  kadete eta infantilak, berriz, 22an aterako dira kantxara.

Helburu ezberdinak

Boleibol ataleko taldeak Maialen Chourraut kiroldegian zein Michelin kirol gunean lanean dihardute. Neurketak, berriz, kiroldegian zein Loidibarren pilotalekuan jokatu dituzte. 

Vegak jakitera eman duenez, abuztuaren 22an hasi zuten denboraldiaurrea senior taldeek; gainerako mailek, aldiz, irailean. 

Guztiek helburu ezberdinak dituztela ere adierazi du. Senior mutilen taldeari dagokionez, jokatzea da xedea. "Ekipo berria da. Gipuzkoa mailan ez dago ligarik eta Euskadikoan lehiatu beharko dira. Orain arte, boleibola emakumeen kirola izan da. Hala ere, mutilez osatutako gero eta talde gehiago dago eta gurea izango da horietako bat", nabarmendu du Vegak.

Euskal Ligako 2. mailan, berriz, mantentzea izango dute buruan kideek. "Taldea aldatu da; jokalari berriak batu dira, kanpoko jendea gehiena. Kide berriei esker,  maila igo dela esan daiteke eta mantentzeko borrokatuko dira. Hala ere, lehiaketan zehar ikusiko da".

Jubenil eta kadeteek harrobi lana egingo dute eta infantilei dagokionez, kirola ezagutzeko modu bat dela adierazi du: "Kirolarekin eta taldearekin lehen harremana egiteko balio du. Ezjakintasuna dago: ate irekietan partidak jokatzen ote genituen galdetu ziguten, esate baterako. Gazteek beste kirol bat probatzeko aukera ematen dugu. Agian, gero, beste bat aukeratuko dute. Geratzen badira eta harrobia sendotzen bada, ongietorriak izango dira".

Sailaren hedapenarekin pozarren dago Leire Vega: "Jende berri asko eta, batez ere, gaztea dago taldeetan. Asko kanpotik etorritakoak dira".

Bat-bateko handiagotzearen zergatia argi du: "Hiru denboraldi daramatzagu lanean. Jendea partidak ikustera etorri da eta gure taldeen berri izan dute. Horrez gain, Asier Acuriola seniorretako entrenatzailea ezaguna da boleiboleko munduan eta horrek ere kanpoko jendea erakarri du".

Guztia antolatzea lan ederra izan dela onartu du eta horregatik, talde teknikoa osatzen duten kideei eta Acuriolari eskertua dago. "Entrenatzaileak saileko taldeetako kideak dira, mutilen seniorreko prestatzailea izan ezik. Eurek aurkitu dute nor entrenatu, epaile bat ezagutzen zuten, Iratxe Mora eta berak eramango du ekipoa. Acuriola, berriz, laguntza handia da guretzat. Boleibol munduari buruz guztia erakutsi dit eta digu", adierazi du.

Beste aukera bat
Era berean, Lasarte-Orian kirol eskaintza zabaldu ahal izateaz harro dago: "Futbola eta saskibaloia beti entzun dira, baina beste aukera batzuk egotea ere ongi dago. Boleibola da horietako bat". 

Horregatik, herritarrak neurketak ikusi eta boleibolaz gozatzera gonbidatzen ditu Ostadar Boleibola saileko ordezkariak.