Errealitateak fikzioa gainditu du beste behin. Gogora ekartzeko, film horretan asteroide bat Lurrera bidean zetorren. Gure planetaren kontra talka eginez gero, hondamendia izango zatekeen, dinosauroak Lurretik desagertu zirenekoaren mailakoa. Horrelako bukaera saihesteko, asteroideraino joan, lurrean zuloak egin eta bonbak sartzea erabakitzen dute, asteroidea zatitu, eta honen ibilbidea aldatzeko. Orain, errealitatean, Armageddonen espero zen amaiera bera ez gertatzeko, aipatutako proba hori egin dute espazioan, eta arrakastatsua izan da. Eskerrik asko, NASA, lasaiago gaude orain.
Hala ere, nago, munduaren bukaerari buruz hitz egiterakoan, kanpora baino barrura ez ote dugun begiratu beharko. Gizakiari berari eta berak sortzen dituen kalteei buruz ari naiz. Hortxe dugu, esaterako, klima larrialdia. Urrutira joan gabe, gurean, azken urteetako udarik beroenetako eta lehorrenetako bat izan dugu. Gizateriaren izurritea, mundua asteroideak bezainbeste kaltetu dezakeena.