Axier Arteagak agur esan dio pilota profesionalari herrikideen berotasunean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 17a, 21:47

Michelin kirol guneko frontoian jokatu du lasarteoriatarrak ibilbide profesionaleko azken partida, harmailak bete dituzten lagun, senide eta herrikideen aurrean. Arangurenekin osatu du bikotea eta 17-22 gailendu zaizkie Artola eta Larunberi. Norgehiagoka hasi aurretik eta ondoren, zenbait aitortza egin dizkiote Intza Kirol Elkarteko kideek, lagunek eta senideek.

Partida hasi aurreko minutuetan ilara osatzen joan da frontoiko atean. Hura zeharkatu dutenean oroigarri gisa Arteagaren argazkia duen eskuorri bat jaso, eta harmailetan bilatu behar izan dute non eseri. Ez da erraza izan txokoa aurkitzea, baina denek topatu dute euren lekua. Pilotalekuaren atze aldean, Intza pilota eskolako haurrak urduri zeuden zain, partida jokatuko zuten lau pilotariak beroketa lanetan ari ziren bitartean. Bitan banandu eta haien artetik pasatu dira epaileak eta lau jokalariak. Zaleak agurtu eta haurren lekua Arteagaren lagunek hartu dute, trikitixak lagunduta, Agurra dantzatzeko. 

Orduan ekin diote ia ordubete iraun duen norgehiagokari. Artola-Larunbe Arteaga II-Aranguren aurrez aurre aritu dira. Lehen sakea ArteagaII.ak  egin du eta ia uneoro entzun diren aldeko oihu artean izan da. Lehen tantoetan aurretik joan dira gorriak, baina hiruna jarri direnetik, aurre hartu dute urdinek. Bi bikoteek akats ugari egin dituzte eta hamahiruna berdindu dute. Hori izan da inflexio puntua, urdinak tantoak gehitzen joan baitira. Hasi bezala, lasarteoriatarrak  egin du azken sakea, txalo artean. Pilotakada batzuen ondoren Artolak huts egin eta amaitu da partida, 17-22 emaitzarekin.

Arerio izan duen Iñaki Artolak bi bertso eskaini dizkio. Urduritasunagatik edo, bigarrenean trabatu eta berriro hasi behar izan du. Ez dira entzun dituen errima bakarrak izan, Intzako hiru haurrek ere abestu baitizkiote. Haiek jasotzen zituen papera oparitu diote. Aurretik, bere argazki bat oparitu diote, Intzak, plaka bat, eta Baiko enpresak kamiseta bat. Eutsi dio zirrarari ordura arte Arteagak, baina familiaren oparia jaso duenean malkoak begiratu zaizkio. Hunkituta jarri diote amak zapia sorbalda gainean eta arrebak txapela. Argazkien ondoren, hitza hartu du urteotan lagun izan dituenei eskerrak emateko.

"Ezin dut eskertu gabe utzi. Gaur zuek eman didazuena, ibilbide guzti honetan eman didazuena, ez dago dirurik munduan hori pagatuko duenik. Bihotz-bihotzez, eskerrik asko denoi, banan bana. Behar duzuenerako badakizue non nagoen. Zazpi urte izan dira, nik uste nire bizitzako momentu bai onenak eta txarrenak pasa ditudala pilotari esker;  ze zerbait ikasi baldin badet da momentu onek eta txarrek, denek balio dutela pena eta beti aurrera jarraitu beharra dagoela bizi honetan. Segi lanean,  aurrera egin eta denok segi pilotan!".

Opari guztiak jaso eta zutik zeuden zaletuen txalo zaparradan irten da frontoitik. Zubietako Irigoyen jatetxera abiatu aurretik, ordea, kirol guneko aldagelen aurrean argazkiak sinatu eta atera ditu hala eskatu diotenekin.

Afaldu aurretik, bertsoak

Ehun bat pertsona elkartu dira Irigoyen jatetxean: familia, lagun eta zale. Jaten hasi aurretik, enegarren sorpresa jaso du Arteagak: hiru bertso abestu dizkiote Zubietara joandakoek. Pilotariak hunkituta entzun ditu, eta haiekin batera abestera animatu da.

Horren ostean, bapo afaldu dute denek. Menua, hauxe: saltxitxoia, frijituak, onddoz betetako piper gorriak, bakailao tortilla eta behi saihetsak, su txikitan egosita, patata frijitu eta entsaladarekin. Postrerako, gazta tarta. Afalostean, Arteagaren familiako kideek opariak egin dizkiote, eta kuadrillako lagunek haren ibilbideko une onenekin egindako bideoa proiektatu.