Axier Arteaga: "Lesioekin sufritu egiten duzu, baina horiek gainditzean hazi egiten zarela uste dut"

Nerea Eizagirre 2022ko ira. 16a, 13:46
Axier Arteaga "Arteaga II", San Pedro Jaietan jokatutako partidan.

2016ko urtarrilaren 4an Tolosako Beotibarren jolastu zuen Axier Arteaga Arteaga II-k (Lasarte-Oria, 1996) bere lehen profesional partida. Sei urte eta bederatzi hilabete eta 300 bat neurketa igaro dira ordudanik. Abuztuan Baiko Pilota enpresak kontratua berrituko ez ziola jakitera eman zion. Bihar, larunbatearekin, Lasarte-Orian agur esango dio bide profesionalari

Bihar zure azken partida jokatuko duzu. Nola ari zara azken momentu hauek bizitzen? 

Gogoekin nago. Inguruko jendeak neurketa ikustera joango dela esan dit. Maitasun hori jasotzea pozgarria eta eskertzekoa da. Zerbait ona egin dudan seinale.

Egun polita eta emozionalki gogorra izango da. Eta urte batzuetara egun horretako oroitzapen onak izatea espero dut.

Garaipen batekin amaitu nahiko zenuke zure ibilbidea?

Ez dut ezer pentsatu. Partida irabaztea gustuko litzaidake. Horretara joango naiz. Partida ahalik eta onena jokatzea, irabaztea eta hortik aurrera… Ba afari on bat eta parranda ederra egitea.

Neurketa Lasarte-Orian jokatzea ere berezia izango da, ezta?

Enpresarekin abuztuan kontratua amaitzen zitzaidanez, orduan egin nahi zuen azken partida. Hasierako data abuztuaren 16a zen, Aretxabaletan. Baina lagun asko oporretan zeuden kanpoan, eta nik herritik gertu nahi nuela esan nien. Senideak, gertuko lagunak eta herriko zaletuak joan ahal izateko.

Udalak herrian partida bat egiteko asmoa agertu zuen, pilotari profesional bakarra naizelako. Enpresak, udalak eta nik bakoitzak bere aldetik jarri eta hilabete bat luzatzea erabaki genuen. Egindako ahalegina eskertzekoa da. Nire ustez asmatu dugu.

Zure gertukoen eta zaleen babesa garrantzitsua da orduan zuretzat.

Momentu onenetan kirolari baten ondoan egotea erraza da. Txarrenetan, ez hainbeste; helburua betetzen ez duzunean triste edo haserre zaude eta hori azkenean bota edo askatu egin behar duzu. Hori familia eta lagunek sufritzen dute eta ni alde horretatik pribilegiatua izan naiz. Babes handia izan dut bide guztian zehar eta eskertzekoa da. Ordaindu ezin daitekeen zerbait da. Ez naiz primerako pilotaria izan, baina beraiek primerako afizioa dira.

Enpresak kontratua ez berritzea espero al zenuen?

Azken urte erdi honetan, pixkanaka ikusi nuen ez zidatela telebistaz ematen ziren neurketarik jartzen (urrutiko partidak, lau eta erdikoak…). Garrantzia gutxiagoko partidak ziren. Eta jendeak kaletik esaten zidan: 'Ze, jarraitzen al dek pilotan?'. Eta horrekin antzematen duzu zerbait. Alde horretarik espero nuen, baina esperantza inoiz ez da galtzen, entrenatzen jarraitzen duzu. 

Kontratua berrituko ez zidatela esan zidaten momentua gogorra izan zen. Eta hurrengo bi egunak ere gogorrak izan ziren. 

Baina bi aukera dituzu. Horri penarekin eutsi edo egoerari itzulia eman eta ikasitakoaz hausnartu. 

Etapa bat dela onartu behar da. Lehenago edo beranduago etorriko zen. Kirolarien ibilbidea motza izan ohi da, nirea nahi baino motzagoa izan da. Baina gauza asko ikasi ditut. Profesionaletara sartu nintzenean ume bat nintzen eta iruditzen zait pertsona bezala asko hazi naizela. Eta orain aurrera begiratu eta lehen itxita nituen ate batzuk aztertzen ari naiz. 

Zure ibilbideari errepaso bat egingo diogu. 2016an egin zenuen debuta Tolosako Beotibarren. Partidari buruzko zein oroitzapen dituzu?

Nahiz eta neurketa galdu oroitzapen politak ditut. Aste berezia izan zen. Txikitako ametsa bete nuen. Pilotalekura ere jende pila joan zen eta kanpoan geratu ziren asko. Maitasun hori jasotzea kristona izan zen. Gazteetan emaitzei ematen diegu garrantzia gehiena, baina egun horretan neurketak ez zuen garrantziarik izan.

2017 urtean, Promozio Mailako buruz burukoa zein binakako txapelak lortu zenituen. Urte berezia izan zen zuretzat?

Bai. 2016 urtean asko sufritu nuen. Afizionatuetan dena irabazi nuen eta espektatiba handiak nituen. Nire burua gehitxo estutu nuen eta urtebete hori disfrutatu ezinik pasa nuela gogoratzen dut. Ni izan gabe.

2017an, berriz, lasaitu nintzen. Presioa kudeatzen ikasi eta asko gozatu nuen. Bi finaletara iritsi eta neurketak ere perfektu atera ziren. Nire ibilbideko etaparik onena izan zen.

Buruz buruko lehen mailakoa aipatu duzu. Onenen aurka lehiatu zara lehiaketa horretan, hori garrantzitsua da zuretzat?

Beti nahi izaten dugu gehiago; helburu bila zoaz. Lehenik bigarren mailan destakatu nahi duzu. Hori lortzen duzunean, lehen mailara iristea da xedea eta gero hor mantentzea.

Eta ni iritsi naiz horretara. Pilotari onenen aurka jokatu dut (Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea,Joseba  Ezkurdia…) eta hori ere jakin behar da baloratzen. Eta hemendik urte batzuetara gehiago baloratuko dudala uste dut.

Axier Arteaga "Arteaga II", Loidibarren pilotalekuan elkarrizketaren ostean.

2020 urtean, berriro ere, Promozio mailako buruz buruko txapeldun izan zinen. Bultzada izan zen garaipen hori zuretzat?

Bai, horrela izan zen. Geldirik ikusten nintzen. Bigarren mailan egin beharrekoak eginda nituen baina lehen mailako jauzia eman gabe. Bi urtez lehen mailan jokatzen egon ostean, atzera pauso bat bezala izan zen berriro bigarrenean egotea. Baina ondo kudeatu nuen eta berriz ere irabaztea lortu nuen. Horrek lehen mailan egotea merezi nuela esan nahi zuen eta horrek konfiantza eman zidan. Eta ilusioa eman zidan.

Eta bien bitartean, bestelako gauzak ere izan ziren urte horietan?

Bai. Nire jokoa aurkitu ezinik nenbilen eta pandemia etorri zen. Gero, greba egin genuen. Asko sufritu genuen denok. Kontratu berritzea ere izan zen eta azkenik promozioko txapelketa etorri zen. Horrek egoera arindu zuen. Baina ez zuen jarraipenik eduki. Enpresak bigarren mailan sartu zidan debutatu berri zen Elizegirekin eta asko sufritu nuen.

Eskuetako mina, lesioak... Horrek eraginik izan al du zure ibilbidean?

Lesioekin sufritu egiten duzu, baina horiek gainditzean hazi egiten zarela uste dut. Eta halaxe izan da nire kasuan, asko ikasi dut lesioren bat izan dudanean.

16 urterekin eskuetatik operatu nintzen eta afizionatuetan orduan jo nuen goia. 2017an ere, jokatzen ari nintzela banekien geratu behar nuela, belauneko tendoi errotulianoetatik operatu behar ninduten. Horrek ahal nuen bitartean jokoaz gozatzera eraman ninduen. Lau hilabete eta erdi izan ziren. Gogorra izan zen medikuek hilabete pareko gauza izango zela uste baitzuten. Baina horren ostean, 2018an lehen mailako torneoa jokatu nuen.

Hala ere, egia da azken urte honetan eskuetatik asko sufritu dudala eta ez det jakin izan edo ez dut asmatu horri aurre egiten. Ez da erraza; gure gorputza ez dago pilotan jokatzeko egina.

Beste gauza asko kontrolatu ditzakezu. Belauneko lesioa duzu; hau eta hau eginda ondo joango zaizu. 2018ko lesio horretaz aparte ez det fisikoki besterik izan, landu daitekeelako. Eskuen kasuan, ezin da landu.

Azken urteak gogorrak izan dira, beraz, zuretzat…

Ezinean ibili naiz. Nire ustez txapelketa garrantzitsuena binakakoa da. Luzea da, hamalau jardunaldi dira eta bertan egindako lanak denboraldia asko baldintzatzen du. Ondo ibiltzen bazara, konfiantza hartzen duzu eta buruz burukoari aurre egiteko baliagarria da. Ezinean bazabiltza, eskuetatik ere ez bazaude fin, etab. buruz burukoa ez doa ondo. Gero udara dator eta sentsazio horrekin geratzen zara.

Eta horixe, buruz burukoa etorri zen Artola eta Zabaletaren aurka galdu nuen eta hortik aurrera, beldurrak sortu zitzaizkidan; “bukaera bazetorrek”, “zerbait aldatzeko ziok”…

Aldaketa aipatu duzu. Zure ibilbidean aurrera egiteko gauza asko aldatu behar izan dituzu?

Gauzak ongi ez doazenean bide batetik ez bada bestetik saiatu behar da. Alde horretatik nire buruarekin oso lasai nago, dena eman dudalako. Momentuan egoera hori aldatu nahi duzu eta esate baterako, coach-a edo dieta aldatzen duzu. Eta hortaz ezin zara damu izan, inork ez daki zein den bidea. Zure esku dagoena egin behar duzu.

Orain kanpotik begiratuta, gehitxo ere saiatu naiz. Askotan gauzei naturalago joaten utzi behar zaie. Ez da saiatu behar emaitza horiek kontrolatzen edo emaitza horiek lortzeko ez zara tematu behar. Bideaz gozatzen jakin behar da; saiakera horretan ez sakrifikatzen. 

Egoera baten ostean konturatzen zara. Eskuen kasuan, esate baterako. Gaizki nituen, "zergatik?" Agian entrenamendu gehiegi egiten nuelako zen eta behar zuten deskantsua eman ez nielako. Baina hori egin izan ez banu, agian entrenamendu gutxi egiteaz damu egongo nintzen… Badakit kasu batzuetan pasa naizela. Baina bidean asko ikasi dut eta hori daramat nirekin.

Zein izan da zure ibilbidean neurketarik garrantzitsuena?

2017ko Promozio Mailako buruz buruko finala, Bakaikoaren aurka. Nire bizitzan jokatu dudan partidarik onena izan zela uste dut. Asko gozatu nuen. Baina ez zen partida bakarrik izan; aste osoa izan zen. Aurreko egunetako jendearen maitasuna, egun horretan ere Iruñearaino jende pila joan zen eta oroitzapen ederra dut. Nire bizitzako orain arteko egunik zoriontsuena izan zen. 

Bestela, 2018ko Donostia Hiriko txapelketako finala. Olaizolaren eta Zabaletaren aurka galdu genuen, baina gustura amaitu nuen neurketa.

Pilotan jokatzen jarraituko duzu?

Bi enpresa profesional daude, eta gero, beste erdiprofesional batzuk. Azken horietatik eskaintzak iritsi zaizkit. Badakit pilotan jarraituko dudala eta lehiatzen jarraitu nahi dut. Baina oraindik ez dut erabakirik hartu.

Orain arte nire bizitzan lehentasun osoa eman diot pilotari. Pilotak garrantzia izango du nire bizitzan eta jarraituko dut. Baina orain beste arlo batzuei emango diet aukera: ikasketekin jarraitzea, prestatzaile pertsonal izatea… 

Lehenik eta behin hilabetetxo bat hartuko dut. Azkenean mundu baten zaude sartuta eta hori bakarrik dagoela dirudi. Deskantsu bat behar nuela uste dut.

Jardueta Fisikoaren eta Kirolaen Zientzietako Gradua eta hiru master ditut: dietetika, soinketa irakasle izatekoa eta prestatzaile pertsonala. Hori da gustuko dudana. Nire helburua prestatzaile pertsonal bezala aritzea da. Nire esperientzia beste pertsonentzako lagungarria izan daitekeela uste dut.

Beti ikasten egon behar duzun mundu bat dela uste dut eta horregatik, coaching master bat ere egingo dut kirol psikologiaren gainean. Nik asko landu dudan gauza da. 2018an hasi nintzen coach batekin eta zorionez bi profesional on ezagutu ditut bata futbol arlokoa eta bestea golf mundukoa. Asko ikasi dut haiekin eta kirol psikologia hori asko gustuko izan dut. Gainera, pilotan hutsune hori dagoela uste dut.

Pilotarien prestaketak garapen bat behar duela uste duzu, beraz?

Kirol tradizionala da eta baliagarria izan daitekeela uste dut. Audientzia jende heldua da eta orduan, zaila da berrikuntza asko sartzea. Agian gaizki har dezakete. Baina kirol guztiek bezala garapen bat behar du.

Gure teknikariak pilotari ohiak dira, ez dute entrenatzaile profesionalak, ez dute ikasketarik. Asko erakutsi ahal dizute euren bizipenetatik, baina arlo tekniko, fisiko eta mentalean hutsuneak daudela uste dut. Eta enpresek horretan garapen bat izango beharko lukete. Egia da nahiez gero prestatzaile fisiko bat eta entrenamendu teknikoak izan ditzakezula, baina %100 profesional izateko gauza gehiago landu daitezkeela uste dut.

Bide horretan, Gipuzkoako Federazioak antolatuta, gaztetxoei teknifikazio saioak eskaintzen diezu.

Gipuzkoako Pilota Federazioak lan handia egiten du. Emaitzak ikustea besterik ez dago. Azkeneko txapelak Altunak edo Iribarriak eskuratu dituzte. Gure kintarekin lan handia egin zuten. Afizionatu mailan ere Gipuzkoako maila onenetarikoa dagoela esango nuke. Eta etorkizunari begira ere, lanean ari da. 

Gipuzkoako pilotaririk onentsuenak aukeratu eta kalitatezko saio batzuk egiten ditugu. Hemen, Lasarte-Orian, egiten ditugu asteazkenetan. Gozamena da gaztetxoek nola lan egiten duten ikustea. Zein gogoekin eta atentziorekin entzuten dizuten. Gustura nago eta erraz egiten den lana da. Pilota gustuko dut, pilotarentzat onena nahi dut eta nik ikasitakoa ematea badut, ba hobe.