Dinbi Bandak 10. urteurrena ospatzeko egitaraua iragarri du

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ira. 14a, 13:07

Urteurrenak ospatzeko hilabetea izaten ari da iraila. Dinbi Banda batukada taldeak, esaterako, hamarkada bat bete du, eta gogotik ospatuko du hilaren 24an, larunbatarekin, egun osoko festa batekin: dantza tailer irekia, batupoteoa, taldekide izan direnen bazkaria, kontzertuak, DJa, argazki erakusketa... Ez dibertitzeko aitzakiarik ez du izango inork.

Dinbi Bandako lagunek 10 urte daramatzate instrumentuak eta herriko, Euskal Herriko eta beste leku askotako kaleak astintzen. Urtemuga berezi eta biribil hori merezi bezala ospatze aldera, egun osoko festa prestatu du datorren asteko larunbaterako, hilak 24. Egitarauaren berri ematearekin batera, lasarteoriatar oro gonbidatu dute jardueretan parte hartzera. Hauek izango dira:

  • 11:00etan, Okendo plazan: Djole afrikar dantza ikasteko tailer irekia, Itzi Kan-en eskutik. Edonork parte hartu ahalko du.
  • 12:30ean, herriko tabernetan zehar: batupoteoa.
  • 14:30ean, Extremadura Etxean: taldekide ohi eta gaur egungoen bazkaria.
  • 19:00etatik aurrera, Okendo plazan: Xilikonai eta The Noisemakers taldeen kontzertuak.
  • 22:00etan, Avenida tabernan: Emilio DJ.

Euria egingo balu, jarduerak Oriarte institutuko Landaberri eraikinean aurrera eramango dituzte ekimenak.

Horrez gain, taldekideek iragarri dute egun horretan bertan atzera begirako argazki erakusketa bat jarriko dutela Okendon. Taldearen artxiboko irudiez gain, Isaac Farre, Txema Valles eta TXINTXARRI aldizkariak ateratakoak ere ikusi ahalko dituzte herritarrek. Horren aurretik, Jalgi kafe antzokian eta Avenida tabernan jarriko dituzte, hilaren 18tik 23ra. 

Erlazionatuak

Dinbi Bandak parranda giroa piztu du

Txintxarri Aldizkaria 2022 uzt 02 Kultura